Kostaldeko zein barrualdeko herri eta auzoetan ospatu dituzte sanpedroak asteburuan. Euriak eragina izan duen arren, ez du jairik zazpuztea lortu eta beraz, girorik ez dute falta izan. Berriatun gainera, jarraipena izango du jaiak asteburuan.
Arrantza munduari lotutako ohitura zaharrak bizi izan dituzte
Lekeition. Euskal Batel-Eroen porturatzeagaz hasi zuten egitaraua eta gaur, Tortola kaleko San Pedro Baltzaren aurrean egingo den mezagaz amaituko dute. Jaia herri guztira zabaldu bada ere, batez ere portu inguruan egon da giroa. Euskal Batel-Eroak elkarteko kideek zinga txapelketa eta estropadak egin zituzten, eta urtero modura, San Pedroren irudiagaz Kilin-Kalakoa egin zen santuaren portuko irudi aurrean. Ohi den legez, bertan alboan, San Pedropean dantzatu zuten ondoren, Kaxarranka. Bitartean, berriz, Etorkizuna dantza taldeko andrazkoek aurreskua egin zuten plazan. Zehatz taldearen kontzertua, ostera bertan behera geratu zen euriaren eraginez.
Zapatuko paella txapelketa plazan egitekotan ziren arren, eguraldia zela eta, frontoian egin zuten azkenean
munitibartarrek, baina, ondo moldatu ziren. Bazkal osteko giroa trikitilariek alaitu zuten eta abestu ere ederto egin zuten «nahiz eta hastea kostatu». Ondoren, erromeria hasi behar zen baina, euria zegoela eta triki poteo bat egitea hobeto zela pentsatu zuten. Domekako ikuskizunagaz ere gustura geratu ziren herritarrak. Hontzak, arranoak, basa katua, eta katamotza ikusteko aukera izan zuten, besteak beste.
Kuadrillen entsalada eta tortilla txapelketak ere jende asko batu du
Berriatuko Mendibarren frontoian, bertan bazkaldu zuten gero, guztiek batera.
San Pedro Eguna berreskuratu dute
Mutrikun eta horretarako, bentalekuko 100 urteko makina zaharra martxan jarri dute. Hainbat lagun batu ziren kofradia zaharrean ekimen berezia ikusteko. San Pedro Eguna berreskuratzeko salmentaz gain, hainbat ekimen egin ziren: Gipuzkoako I. Zinga Txapelketa (Arraun Federazioarekin harremanetan), babes dikeari lotutako protesta, 150 laguneko herri bazkaria, herriko abesbatzen emanaldia (itsasoari lotutako abestiak)…Ekitaldi guzti horiek jendetza batu zuten.
Ziortza-Bolibarko
Arta auzoan eta Markina-Xemeingo
Barinagan ere egon da ospakizunerako aukera nahikorik. Jaiak oso ondo joan dira Barinagan. Barikuko Briska txapelketak lagun asko bildu zituen eta guztira 30 bikote aritu ziren jokoan. Irabazleak, azkenean, Juan Agirregomezkorta eta Jesusa Aranzeta izan ziren. Gaueko Mus Txapelketan ostera, Olabe eta Karia izan ziren nagusi. Hamahiru bikotek hartu zuten parte. Idi probetan, bestalde, Itziarko Julian Subiñasen idi buztarria izan da aurtengo garailea; 45 untze eta laurden egin zituen. San Pedro Eguneko txapel jaurtiketako garailea, berriz, Joseba Plaza izan da, bere marka 25,59 metro. Herri bazkariak ere parte hartze handia izan du jaietan. Izan ere, 120 lagun baino gehiagok dastatu zituzten burduntziko bildots erreak. Jaiekin amaitzeko, jaiei laguntzeko antolatu duten zozketako zenbakiak zotz egin zituzten. 3.065 izan da zenbaki saritua, eta 3.247 ordezkoa.
ARGAZKI GALERIA [nggallery ID=175]