
Argazkia: Lekittoko Gaztetxia
Udako lanari amaiera eman, harremanak sendotu eta ondo pasatzeko asmoz antolatu zuten jaia herriko gazte kuadrilla ezberdinen artean, eta
inoizko gazte bazkari jendetsuena izan zela zapatukoa azpimarratu dute gazteek. “300 gazte elkartu ginen bazkaltzeko”.
Zapatu goizean alde zaharra banderatxoz apaindu zuten jaietarako eta ondoren tortillak prestatzen hasi ziren txapelketan aurkezteko. Guztira 25 tortilla egin zituzten.

Argazkia: Lekittoko Gaztetxia
Anteroren jaitsiera eta pregoia ere izan zituzten eta gazte-txarangak bere lehen emanaldia eman zuen herrian zehar. Txosnen irekieraren ostean elektrotxarangagaz kalejiran ibili eta txosnetako Tributo Gauagaz gozatu zuten jendez betetako portuko gunean. “Dudarik barik azken urteetako gazte egun indartsuena izan da. Auzolanean bagarela erakutsi dugu eta negurako indarrak eta motibazioa hartzeko primeran etorri da”, azpimarratu dute.

Argazkia: Lekitxoko Gaztetxia
Eskerrak ere eman dizkiete Aulestiko eta Berriatuko Udalei mahaiak, aulkiak, platerak eta mahai-tresnak uzteagatik bai eta Aittitta Txikikoei ere suak eta bonbonak uzteagatik: “Eurak gabe egun hau ez litzatekeelako posible izango, eskerrik asko”.

Argazkia: Lekitxoko Gaztetxia
Ekainaren 21ean gaztetxea inauguratu zutenetik proiektua sendotuz joan dira gazteak apurka-apurka eta eskaintza oparoa izan dute udan. Udaldiagaz amaitu eta negura begirako egitaraua prestatzen hasi aurretik egin dute jaia, sanantolineri ere hasiera emanez.
Jaiak amaituta, negura begira jarriko dira. “Neguan ere Lekeitio bizirik izan nahi dugu eta Gaztetxea horretarako tresna ederra dela uste dugu”, esan dute.