Lekeitioko Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia irailaren 12an amaituko da
Euskara hutsez egiten den Euskal Zine Bilera bakarraren 37. edizioa da aurtengoa. Hitzordua, azaroaren 22tik 29ra bitartean izango da.
Iaz, euskal zinearen jaialdiak marka guztiak apurtu zituen, 50 film baino gehiago aurkeztu ziren lehiaketara. “Euskal Zine Bilerak betiko bi helburuei eutsiko die. Batetik, euskarazko lan amateurrak saritu dira eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune nahi da izan. Hori horrela, lehiaketak bi kategoriak mantenduko ditu, profesionalena eta amateurrena; bakoitzak sailkatzen du bere lana batean edo bestean”, azaldu dute antolatzaileek.
Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen kategorian 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onena saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko dute eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Iaz egin bezala Gazte 22 saria emango da aurten ere.
“Aurten gainera, Antzar Morea eta 500€ko saria banatuko du lehenengoz Udaleko Berdintasun batzordeak; genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko dute”, zehaztu dute antolatzaileek.
Bileran parte hartzeko bidea ere moldatu egin dute aurten antolatzaileek. Pelikulak online aurkeztu beharko dira, UPTOFEST plataformaren bidez (www.uptofest.com). Hala ere, zuzeneko informazioa jasotzeko, telefonoak eta posta zabaldu du Euskal Zine Bilerak: 94 624 34 82 / 656728107 eta zinebilera@zinebilera.com helbidea. www.zinebilera.com web orrialdean, informazio guztia eskegita dago.
