
Olha eta Enbil dira txapeldunordeak. Barikuan jokatu zuten Jai Alai World Tour zirkuituko final handia Hondarribiako Jostaldi pilotalekuan. Ikusle asko, 800 bat zaletu batu ziren, eta tanto ederrak, eta oro har ikuskizun ikaragarriaz gozatu zuten.
Hiru setetan erabaki zen finala. Lehenengoa 15-10 irabazi zuten Txasiok eta Egiguren II-ak. Berdinduta hasi arren, eta 2-2-ko berdinketarekin, 8-2-ko aldea atera zuten. Ondoren, 12-5 eta 13-6-ko emaitzekin aldeari eutsi zioten, baina, Olha eta Enbil ez zeuden amore emateko prest eta 14-10 hurbildu ziren. Tarte horretan egin zituzten partiduko tanto ikusgarrienak.
Bigarren set-ean 12-15 nagusitu ziren Olha eta Enbil. Nahiko berdinduta ibili ziren bi bikoteak, eta set bana eskuratuta, hirugarrena egin zuten norgehiagoka erabakitzeko. Hirugarren set-a 5-2 irabazi zuten Egigurenek eta Txasiok.
Zirkuitu honen barruan hainbat lekutan jokatu dituzte txapelketa puntuagarriak eta horietan puntu gehien pilatu dituzten lau zestalariek jokatu dute finala. Egiguren izan da puntu gehien lortu dituena (3.100puntu) eta ondorioz, banakako Jai Alai World Tourreko txapelduna. Enbilek bigarren amaitu du 2.050 punturekin, Olhak hirugarren 1.950 punturekin eta Txasiok laugarren 1.850 punturekin.