Aitzol Etxaburu Artetxe preso politiko ondarrutarra Fleury-Merogis (Frantzia) kartzelatik
Espainiaratzeko agindua eman du
Espainiako Audientzia Nazionalak. Estraditatu zutenez geroztik, Etxaburu
Soto del Realeko (Madril, Espainia) espetxeko
isolamendu moduluan dago. Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera eroan zuten ondarrutarra irailaren 4an.
Azken egunotako egoera salatzeko hainbat ondarrutarrek
elkarretaratzea egin dute gaur [irailak 4] iluntzean
Alamedan,
Estradiziorik ez. Konponbide garaia da lemapean. 15 minutuko elkarretaratze isila egin aurretik esan diren gauzen artean zera azpimarratu dute han bildutakoek; “Gaur deklaratzera deitu badute ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren asmoa,
epaiketa arin bat egitea da”. Espainiako Auzitegi Nazionalak asmo hori aurrera eramateko asmoa baldin badu, denbora gutxi du. Izan ere, Etxaburu Espainian estraditatuta edukitzeko urriaren 15erako bitarteko epea du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Epe hori orduko Frantziara bueltatu beharko dute ondarrutarra.
Horrez gain, senideak eta preso ondarrutarra bizitzen ari diren
“ezjakintasun egoera” ere salatu nahi izan dute Alamedan egindako elkarretaratzean. “Aitzol
estraditatu behar zutenaren berri azken momentuan izan dute bai senideek eta baita Aitzolek berak ere. Hain zuzen ere, bi egun arinago izan zuten horren berri. Horrek guztiak bai presoari eta bere senideei ez die onik egiten”, adierazi dute.