
Arraunak lepoan hartuta Arropainerako bidea hartu dute gaur lekeitiar askok. Kultur Etxean izena emon eta potinen bila joan dira ontzia biharko antzar jairako portuan prest edukitzeko. 12:00etan izango da bihar zozketa plazan eta 16:00etan hasiko da jaia portuan.
Danetara 90 potinek hartuko dute parte eta euretako hamahiruk polimerozko antzarrak erabiliko dituzte.
Egun lasaia izan da gaurkoa. Goizean, txosna batzordeak antolatuta, ur kirolak egon dira parkean eta ume eta nagusi batzuk iturrian arrantzan egiten zuten bitartean besteek itsasaldia egin dute piraguekin erriotik.

33. Irrintzi Txapelketa ere lehiatu da eguerdian limoneroetan. Umeek hasi dute norgehiagoka eta adin guztietakoak atera dira mikrofono aurrera, bai eta bi urteko txiki bat ere. Urduri egon dira batzuk hala ere, trebezia erakutsi dute.
Umeen mailako irabazlea, Klaudia Erkiaga izan da,
bigarren Beñat Roblesek egin du eta
Arkaitz Vidal geratu da hirugarren.
Nagusien mailan lehenengo irrintzia bota duen Lorea Zarragoikoetxeari eman dio epaimahaiak sari nagusia.
Izaga Malasetxebarria eta
Joana Mestraitua geratu dira, berriz, bigarren eta hirugarren.

Lehiaketan izandako maila handia goraipatu dute sari banaketa hasi aurretik Juan Manu Elorza eta Arantza Kintana epaimahaiko kideek. «Sariak zeini emon gero eta gaitzago ipintzen digute», esan dute.
Gaur arratsaldean jokatu da
Zapaterito esku pilota txapelketako finala ere. Benjaminetan Atxondoko bikoteak 18 eta 4 irabazi die Martzel eta Ekhi-ri, eta alebinetan ere nagusi izan dira Atxondokoak Markinari 18 eta 9 irabazita. Tantu biko aldeagaz lortu dute txapela Legarra eta Arkotxak nagusietan, Iñigo eta Goikori irabazita.

Giro ona izan dute Zapaterito frontoian. Iratxe Ibarra eta Felipe Zelaieta bertsolariak ere izan dira finalean.
Danetara benjamin, alebin eta nagusien mailako 30 bikotek jokatu dute Zapaterito. Abuztuan ibili dira pilotariak txapelketa lehiatzen.
ARGAZKI GALERIA [nggallery ID=189]