'Txartel berdea' eskuratuta Geoparke izendapenari eutsiko dio Euskal Kostaldeko Geoparkeak
Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez eutsiko dio geoparke izendapenari eta Europako zein Munduko Geoparkeen Sareko kide izaten jarraituko du. Azterketaren emaitza gaur [irailaik 4] eman da jakitera Alemaniako Harz Geoparkean egiten ari diren Koordinazio Batzordean. Era berean, txostenak nazioarte mailako garrantzia duen ondare geologiko, natural eta kultural baliotsua goraipatzen du, eta bereziki ondare honen interpretaziorako, dibulgaziorako eta promoziorako egindako lana.
Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea, eta Asier Hilario, Zuzendari Zientifikoa, Alemanian daude eta han jaso dute albiste bikaina. Bi kideak oso pozik agertu dira Geoparkeen Munduko Sareko ebaluatzaileek burutu duten txostenaren berri izan dutenean. “Albiste pozgarria jaso dugu gaur Euskal Kostaldeko Geoparkean. Txartel berdea eskuratu eta geoparke izendapenari eutsiko diogu beste lau urtez behintzat. Honek esan nahi du UNESCOren babesa daukan Munduko Geoparkeen Sareko kide izaten jarraituko dugula”, azaldu dute.