Galbaixo Txiki eguna: marmitako irabazlea 100 eurotan
https://www.youtube.com/watch?v=2K3Ono0CSWk&feature=youtu.be Asteburuan hasi diren jaiei jarraipena emateko, Galbaixo Txiki eguna ospatu dute gaur mutrikuarrek. Ajeari aurre egiteko, Beheko Plazan egin den marmitako lehiaketan marmitakoa prestatzen hasi dute eguna herritarrek. Guztira, 16 bikotek parte hartu dute Txoko Eder elkarteak antolaturiko lehiaketan.
Bikote guztiek osagai berdinekin prestatu behar izan dute marmitakoa. 3 kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, olioa eta gatza eman dizkie aukeran Txoko Eder elkarteak bikote bakoitzari. Horrez gain, bikote bakoitzak piperrak, kipula edo tomatea ere erabili ahal izan ditu. Bikote bakoitzak, bere era propioa erabili du marmitakoa prestatzeko: hegaluzea egosi, kipula gorria erabili, barazkiak sartaginean gorritu… denetarik ikusi da Beheko Plazan.
Marmitako lehiaketara aurkeztu diren 16 bikoteek lanean jarraitzen zuten bitartean, herriko txistulariak lagun zituztela, erraldoiak eta buruhandiak kalejiran atera dira. Alper, Txoro, Txotxolo eta Oker buruhandiek herriko bazterrak nahastu eta parean aurkitu dituzten umeetariko asko ere izutu dituzte. Buruhandiek euren soinekoetan josita dituzten txilin-hotsek lau buruhandiak gertu zeudela adierazi dute, eta gaztetxoak saltaka aritu dira euren aurretik, puxikekin ez jotzeko. Buruhandiez gain, erraldoiak ere dantzan aritu dira euren gona luzeak airean ibiliz.
Eguerdian, Mutrikuko Musika Bandaren emanaldiaren txanda izan da. Beheko Plazan batu diren herritarren aurrean, kontzertu paregabea eskaini dute. Denetariko piezak eskaini dituzte, eta bukatzeko, Mutriku herria jo dute han batu diren gozamenerako. Kontzertua, txalo zaparrada artean amaitu dute musikariek.
Eguerdiko ekimenei amaiera emateko, marmitako lehiaketako sariak banatu dira Beheko Plazan. Aurten epaimahaia osatu duten kideek, marmitako onena aurkeratzeko garaian zail izan dute, baina azkenean sei bikote izan dira Beheko Plazako taulagainean saria hartu duten bikoteak; guzti horietan onena, Maria Antigua Beitiaren eta Mari Sol Alberdiren marmitakoa izan da. Anaiarte Elkarteko bikoteak pozik hartu du 250 euroko saria eta txapela Joseba Palenzuela alkatearen eta Mikel Arriola Txoko Eder elkarteko kidearen eskutik.
Sariak eman eta gero, goizetik sukaldatzen aritu diren marmitakoen enkantea egin da. Beheko Plazan batutakoek 40 eurotik gora egin ahal izan dute euren eskaintza; 100 eurotan saldu da Beitiaren eta Alberdiren marmitakoa.
ARGAZKI GALERIA [nggallery ID=197]