Bertsolaria da, eta genero berdintasunak kezkatu egiten du. Gaur, 19:00etan, Ondarroako Etxelilan hitzaldia eskainiko du:
Zein da egungo emakume bertsolariek bizi duten errealitatea? Denaren gainetik, berdintasunaren bidean helduleku berriak proposatzeko hitzaldia izango dela dio Ainhoa Agirreazaldegik (Elgeta, 1978).
Nondik abiatuko zara hitzaldian?
Nik uste, bertsolaritzan aurrerapauso handi bat eman dela azkenaldian, oholtza gainean dauden emakumeen presentzia gehitu baita. Baina orain hasi gara analisi sakona egiten ikuspegi feminista batetik. Zer ekarpen egin duten emakumeek, zeintzuk zailtasun dituzten… Prisma horretatik begiratuta, ikusten ez diren gauza asko ikusten dira. Horrela ba, emakumeak bertsolaritzan agertu ziren garaia (80ko hamarkada) aztertuko dugu. Bigarrenik, duela bost urte hasi eta garai berri honetara arteko argazki sakona aterako dugu. Alegia, emakumeen presentzia gehitu den garaia aztertuko dugu. Azkenik, etorkizunera begira ze gauza gelditzen diren egiteko, lotzeko… jorratuko dugu. Oro har, irakurketa orokorra egingo dugu.
Beraz, ikusten ez diren gaiak bistaratuko dira hitzaldian, ezta?
Bertsolaritza politikoki, kulturalki edota sozialki aztertu ahal da. Oraingoan, prisma genero ikuspegia edo feminismoa izango da. Begirada horretatik espreski begiratuko dugu gaur egun non kokatzen diren emakumea eta gizonezkoa bertsolaritzan: oholtza gainean dagoena, bertso eskoletan daudenak, gai jartzailetzan daudenak… Eta hiru erronka edo gai nagusi daude hor: gaiak, umorea eta kodea. Bertsolariek gaien gainean lan egiten dugu. Beraz, hori sakon aztertuko dugu. Bigarrenik, umorea aztertuko dugu. Emakume erreferentzial gutxi ditugu umorea egiten dutenak, eta hori ere aztertuko dugu, ea zer gertatzen den jakiteko. Azkenik, publikoagaz bertsolariok partekatu beharreko kodea aztertuko dugu. Estitxu Eizagirreren arabera, kode hori sortzear edo eraikitzear dago.
Azkenaldian genero ikuspegia kontuan hartzen hasi dira txapelketetatan. Ezberdintasunik sumatu duzu?
Bai, batez ere, Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen txapelketetan. Azken finean, Bertsozale Elkartean bertan genero talde bat dago, neska eta mutilez osatuta. Horiek adi daude generoaren inguruan egiten diren ekarpen eta gogoetei. Dudarik ez daukat, gai horren inguruan bai gai jartzaileekin, bai antolatzaileekin bilerak egin izan dituztela. Nik uste norbanako bezala daukagula egitekoak, bai sortzaile moduan bai bertsozale moduan. Aldi berean, bertsolari guztiok gara bertsozaleak. Oro har, bertsolaritza gizartea moduan doa, ez aurrerago ez atzerago. Baina gauza pila bat ez ditugu ikusten, eta hitzaldi hauek lupa jartzeko ematen ditugu. Emakume subjektu oso gutxi ezagutzen ditugu. Bide berriak poliki-politi ireki behar dira.
Errealitatea feminismotik urrun dagoela ikusiko dute hitzaldian parte hartzen dutenek?
Feminismoaren begietatik begiratuta, egoeraz hobeto jabetzen garela esango nuke nik. Eta ez dut uste hitzalditik irudi ezkorragaz irtengo denik; ikuspuntu objektiboagoagaz aterako dira. Eta aurrera begira non lan egin ahal den jakingo dute hitzaldian egon eta gero. Gainera, hau guztiei zuzenduta dago: bai irakaskuntzan lan egiten dutenei, bai guraso direnei… Bertsolaritza ispilu bat besterik ez da. Edozein arlo izan zitekeen. Sortzaile, guraso, irakasle… bezala, ardura bat daukagu etorkizuneko munduan. Eta herramintak eman nahi ditugu horretan lan egiteko. Baina inondik inora ez dut uste hitzaldi ezkorra izango denik. Denaren gainetik, berdintasunaren bidean helduleku berriak proposatzeko hitzaldia izango da.
Bertsolaritzan barrutik lan egiten dutenentzako eta kanpokoentzako ere bada, beraz, hitzaldia.
Bai, bai. Hitzaldia edozeinek ulertu ahalko du, oso bertsozalea izan ez arren. Bertsozalea denarentzat ere bada, baina, gaurko hitzaldia guztiei zuzenduta dago. Euskal Herrian zeregin sozialak dituen edozeinentzat da polita hitzaldia.