- Joan Mari Torrealdai/Berria
Gipuzkoako Lurralde AuzitegikoJuana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz
epaileek bhar erabakiko dute Egunkaria auzia-ren atal ekonomikoa preskribatuta dagoen ala ez. Haien ebazpenak epaiketara eraman ditzake zortzi auzipetuak, edo aske utzi, “behin-betiko”. Haien artean dago Joan Mari Torrealdai foruarra –Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu dira atal ekonomikoan auzipetu dituzten beste zazpiak–. Foruarraren esanetan, arazo teknikoa edo formala ematen duen arren, beraientzat oso garrantzitsua da, “amesgaiztoa amaitu litekeelako”. Hala ere, edozein erabaki hartzen dutela ere, justiziarik ez dela egingo esan du Torrealdaik, “kaltea egina dagoelako”.
“Arrazoi juridikoengatik balitz libre beharko genuke” –dio Torrealdaik–, “baina badakigu justizia itsua dela”. Defentsaren abokatuek argi dute auzian etena eman zela, eta prozedurak preskribatuta beharko zukeela. “Epaile batek ere hala erabaki zuen, eten bat eman zela, bere garaian auzi ekonomikoa aurrera eramateko beharrezko pausoak eman ez zituztelako. Ni neu, esaterako, atal ekonomikoagatik sei urtera galdekatu ninduten lehenengoz”.
Justiziarik ez da egingo, kaltea egina dagoelako”
Zigor eskaerak, handiak
Auzi nagusian ere argi geratu zen auzipetuek deliturik ez zutela egin. Baina Fiskaltzak epaiketara heldu nahi duela dirudi. «Biktimen elkarteek duten indarra da horretarako faktoreetako bat», foruarraren esanetan. «Espainiako Estatuak haien aurrean ez du amorerik eman nahi». Bestalde,
Torrealdairen ustez, badirudi interes bereziren bat badagoela sumarioak zabalik mantentzeko, «ez bakarrik gurea». Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko epaimahaiaren ebazpena erabakiorra izango da. «Auzia preskribatuta dagoela erabakiko balute 11 urte eta 7 hilabeteko amesgaiztoa amaituko litzateke»; eta erabakiari helegiterik jartzeko aukerarik ez legoke.
Aitzitik, auziarekin jarraitzea erabakiz gero, epaiketa egin egingo da. Eta zigor eskaera auzi nagusian egindakoak baino handiagoak dira, gainera. Delitu ekonomikoak leporatuta –diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea–, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna eskatzen du fiskalak zortzi auzipetuentzat.