
Denboraldia hasi besterik ez du egin Aurrerak. Sekulako gogoagaz hasi dute nagusiek. Lau jardunaldi jokatu dituzte, eta bigarren doaz sailkapen taulan, Aretxabaletaren atzetik.
Xepe Gallastegiren mutilek ondo baino hobeto hasi dute Lurraldeko Ohorezko maila. Lehen hiru partiduak irabazi egin dituzte, eta Martuteneren aurka jokatutako azken partida galdu. Bihar, Zaldupen, 17:00etan, Hernaniren aurkako partida erabakiorra dute.
Aurrerako jokalari zein jarraitzaileentzat
hirugarren mailara igotzea ametsa izango litzateke. Aspaldiko urteetan, saiakeraren bat edo beste egin dute baina, ez dute lortu. «Errealistak izan behar gara. Guk aurten talde polita dugu, baina gaztea. Ondo hasi gara, baina ezin da ezer esan. Dena ikusteko dago. Lan asko egin beharko da emaitza onak lortu nahi badira behintzat», azaldu du Eladino Gonzalezek Aurrerako lehendakariak.
Nagusien taldea aurten oso orekatua dago, eta giro ona ikusten dela diote bai entrenatzaile zein klubaren ordezkariek. Herriko jendeagaz talde polita egin dute. Batez ere gazteak dira gehienak; 20-21 urte bueltakoak.
Gazte mailatik pare bat mutil igo dira nagusien mailara eta beste asko, beste talde batzuetatik bueltan etorri diren fitxak izan dira. «Hasiera batean Aurreran egon direnak, baino gerokoan Athletic, Eibar eta hor zehar ibili direnak ere bai».
Entrenatzaile berbera
Nagusien taldean, iaz modura, entrenatzaile berberak jarraituko du: Xepe Gallastegik. «Iaz gustora amaitu genuen Xepegaz, eta lehenengo aukera beragaz jarraitzea izan da. Berak ere horrela nahi zuen, eta ez da egon inolako arazorik. Bigarren entrenaileari dagokionez, berria da aurtengoa: Mikel Etxaburu Pixki. Aurrerako beste talde askotan entrenatzaile egondakoa da Pixki.
Hala eta guztiz ere, aurten, jokatzea «garestia» suertatuko dela nabarmendu Eladino Gonzalez Aurrerako lehendakariak. «Denek jokatzeko aukerak izan ditzakete. Entrenamenduak oso gogorrak izango dira, entrenatzaileari han egiaztatu beharko diote jokatzeko gai direla. Astero entrenatzailearen konfidantza lortu beharko dute jokalariek. Entrenamentuetan lortzen dena gero partiduetan ikusten da. Partidak aste barruan egindako beharraren erakusketa bat besterik ez dira».
Aurrerako ateak edozeinentzako irekita daude. «Guk konpromiso bakarra eskatzen diegu: entrenamentuetara etorri, beharra egin eta ikastea».
Oinarri sendoa
Helburuei dagokionez, mailaren edo taldearen arabera helburu desberdinak ipini ditu klubak. «Txikietan, esate baterako, helburua ikastea parte hartzea eta ondo pasatzea da. Kadeteetan pixka bat konpetitzen hasten dira, nahiko suabe, baina konpetitzen. Gazteetan, aldiz, konpetizioa gogortzen hasten da».
Orokorrean, bi helburu nagusi ditu Aurrerako nagusien taldeak. Alde batetik, nagusiak kirol maila on bat erakustea nahi dute, «azken momentura arte, ahalik eta maila gorena erakutsiz».
Beste helburuetako bat, eta hau «klubarentzat oso garrantzitsua da», kluba indartu eta beraren oinarria gogortu eta sendotzea izango liratekez. «Horrekin zera esan nahi dugu. Oinarrian, bai txikietan, kadeteetan eta gazteetan, behar handia egin behar dela jokalari asko edukitzeko. Gerokoan jokalari horiei aurreratzen irakatsi behar zaie. Azken finean, hortik multzo handi batetik, nagusien talderako jokalariak edukitzeko. Hau da, Aurrerarentzat harrobi handi bat izatea».
Ipar baltzetan ere, Aurreragaz
Taldearen irudi bihurtu da nagusien taldea, eta hauek ondo ibiltzea jarraitzaileentzako ezinbestekoa da.
Zaldupen jokatzen duten bakoitzeko hainbeste jarraitzaile batzen dituzte. Nagusiek ez eze, gazteek eta kadeetek ere zelaigunea jarraitzaileekin izaten dute.
700 bazkide inguru ditu Aurrerak eta gehienak, asteburu bitik behin Zaldupen agertzen direla nabarmendu du Eladino Gonzalez lehendakariak. «Nagusien partiduak ikustera beti 200-300 lagun beti batzen dira. Negu gorritan ere bai. Gazte eta kadeteak ikusten ere nahikoa jende batzen da. Beste herrietara joaten garenean, oso herri gutxitan ikusten da Ondarroan egoten den beste jende, eta hori oso eskertzekoa da. Horrek jokalarien animoa eta morala ere igo egiten ditu partidua jokatzerako orduan. Taldea jarraitzaileengandik babestuta sentitzen da. Kanpoan jolasten dugun askotan ere nahikoa jende etortzen da. Eta hori ere oso eskertzekoa da».
Gazteak; ohorezko mailan
Aspaldiko urteetan modura, gazteak ohorezko mailan jokatzen hasi dute denboraldia, eta mailari eusten saiatuko dira, aurreko urteetan egin modura.
Iker Aldazabal eta Eder Graña entrenatzaileen mutilek laugarren jardunaldia jokatuko dute asteon. Gonzalezen iritziz: «nagusien talderako begirako taldea da gazteena. Aurten gainera, talde polita dugu».
Bi talde kadeetan
Kadeetan bi talde ditu Aurrerak, bata ohorezko mailan eta bestea 1. mailan.
Ohorezko mailan dagoen taldea bigarren urteko kadeteek osatzen dute. Orain bi urte kategoriaz jaitsi ostean, iaz berriro igo zen kategoriaz kadeteen taldea. «Orain bi urte behako mailara jaitsi ginen eta etsitua geratu ginen. Iaz oso ondo ibili ziren eta berriro ohorezko mailara igotzea lortu zuten, eta aurten hor daude. Espero dugu mailari eustea».
Ekain Peñak entrenatzen dituzten kadeteek asteburuak laugarren jardunaldia jokatuko dute.
1. mailako kadeteei dagokionez, lehenengo urtekoak dira. Aitor Solabarrieta, Mikel Badiola eta Isaac Iturriza laguntzaile dabil laguntzaile beharrean.