
Euskal Herrian zehar 35 kontzertuko bira eman ostean,
Keu Agirretxea ondarrutarrak
Behe presioaren erdigunean diskoaren zuzeneko azken kontzertua emango du etzi [urriak 17], 22:00etan, Lekeitioko Gaztetxean.
Mikel Arakistain lagun duela, biak formatu akustikoan arituko dira Lekeitioko Gaztetxeko oholtza gainean. Lekeitiora bueltatzeko ideagaz, “pozik” agertu da Agirretxea. “Orain hilabete batzuk Ikusgarrin izan nintzen, baina kasu hartan, laukote formatuan jo nuen. Barikuko kontzertuan, ostera, akustiko eran ariko gara Mikel eta biok. Era lasaiago eta intimo batean. Aurreko urtean hasitako birari agur esateko era polita dela deritzot. Disko honen ibilbidea, gainera, kontzertu honekin ixten dut”.
Azken diskoaz gain,
Keuren ibilbide musikala era akustikoan entzuteko aukera egongo dela nabarmendu du musikari ondarrutarrak. “Kontzertuan azkenengo urteetan kaleratu ditudan kantak errepasatuko ditugu. Horrez gain, bertsio batzuk ere egongo dira. Denboran ez ditugun kantak entzun ahal izango dira, bide batez”.

2013ko azaroan hasi zuen bira, eta ia urtebeteren ostean amaituko du.
Behe presioaren erdigunean beharra formatu desberdinetan aurkezteko aukera izan du Keu Agirretxeak. Tartean Raimundo Amador edo Depedro bezalako taldeekin partekatu izan ditu agertokiak. “Biran talde eta bakarlari askorekin jotzeko aukera izan dut. Raimundo Amadorrekin eta Depedrorekin aritzeko aukera ere izan nuen, esate baterako. Bira aberasgarria izan da. Disko bat grabatzen duzunean ez duzu jakiten ze oihartzun izango duzun ere, baina erantzun ona izan du disko honek eta asko jo dugu. Disko honen zikloa amaitu da, eta beste proiektu bati ekiteko gogobeteta nago”.
Azaroan
KX proiektuaren diskoa kaleratuko da Mauka musikagintza disketxearen eskutik, Xabier Iriondo eta Keuren lan berria.