
Udaleko kirol batzordeak sustatutako proiektuak herriko kirol talde eta ikastetxeen babes osoa izan du hirugarren urtez, eta egonkortuta dagoen proiektu bat izateaz gain «urtetik urtera hasten doan egitasmoa» dela azpimarratu dute.
Multikirol proiektuaren bidez LH 1, 2, 3 eta 4 mailetako umeei kirola egiteko eredu hezigarriago bat eskaini nahi diete: kirol ezberdinak landuz, lehiaketaz kanpo dagoen kirola eginez, herrian dauden kirol aukera guztiak ezagutuz, eta kirolaren bidez balio indibidualak eta batez ere balio sozialak landuz. Hori dela eta, topaketa ereduaren alde egingo dute. «Lekeitioko eta inguruko herrietako umeak elkar ezagutzea ahalbidetzen du: ikastetxeetako zatiketa gainditu, eta ikastola zein eskoletako umeak elkarrekin aurkitzeko gune bat izan nahi du» azaldu dute.
Umeei hori guztia eskaintzeko,
bederatzi topaketa antolatu dituzte urritik ekainera bitartean, eta
lehenengoa Dzanga Piragua Taldeak zapaturako prestatu duen piragua topaketa izango da. Topaketa LH3 eta LH4ko ikasleei zuzenduta dago. Isuntzako lokalean batuko dira 11:00etan eta 15:00ak arte ibiliko dira gazteak piraguan.
Goizane Zuluaga udal kirol zuzendariak koordinatuko du multikirol proiektua, eta beragaz kontaktuan jarri behar da kirol jardueretan izena emateko. Horretarako, 94-624 30 05 telefono zenbakira deitu edo
zuzendaritza@lekeitio-kiroldegia.com helbide elektronikora idatzi daiteke.