
Udaberrian hainbat kontzertu eman ondoren, udazkenean indarberrituta datoz
Kraussk taldeko kideak. Hain zuzen ere, Aritz Collazo, Jon Antxustegi, Ibon Aginaga, Aritz Larrea, eta Beñat Perales
Gudaberria lana aurkezten jarraituko dute Euskal Herrian barrena
Gudatour deritzon biran. Etzi Bilborock-eko taulagainean hasiko duten birari ekiteko irrikitan daude Kraussk taldeko bost kideak. Beti egin ohi duten bezala, “indar, energia pila eta amorru askorekin” irtengo dute oholtza gainera.
Etzi [urriak 17], Bilbon izango da Gudatour birako lehen kontzertua. Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketaren barruan, Bilborock aretoan joko du banda mutrikuarrak. “Bilbo hiria rock lehiaketara aurkeztu gara aurten. Aurkeztu diren 120 taldeen artean, lehen hamarren artean sailkatu gara metal sailean. Hori dela eta, barikuan bertan jotzeko aukera izango dugu”.

Horrez guztiaz gain, bihar [urriak 16]
Gudaberria lan berriko
lehen bideoklipa estreinatuko du Kraussk taldeak.
Bizi kantaren bideoklipa estreinatuko dute bihar sare sozialetan, eta Mutriku eta inguruetan grabatu dutela aurreratu dute. “Mutriku eta inguruetan grabatu dugu. Zumaiako flisch-ean ere ibili gara grabatzen. Herritar batek lagundu digu grabaketa lanetan. Lander Andonegik egin du lan dena. Guk oraindik ez dugu emaitza osoa ikusi, beraz, gu ere biharko irrikitan gaude. Ez dugu lan dena bukatuta ikusi, baina oso itxura ona dauka”.
Gudaberria diska ekainean kaleratu zuten, eta
Axular Arizmendi mutrikuarraren AME estudioaten grabatu. Kraussk-eko kideak “pozik” daude lanak eman duen fruituarekin. Diska oso metaleroa, baina, tartean tarteko, kanta lasaiagoak ere badituela aurreratu dute, beti ere euren metal ikutuarekin. “Estilo desberdinak nahastuta agertzen dira. Metalaren barruan, denari ikutu diogu”.
HURRENGO KONTZERTUAK
- Urriak 18, zapatua. Zumaia, Gaztetxean.
- Urriak 31, barikua. Donibane Garazi, Gaztetxean.
- Azaroak 1, zapatua. Igorre, Gaztetxean.
- Azaroak 29, zapatua. Donapaleu, Gaztetxean.
- Abenduak 8, astelehena. Durango, Diskaren aurkezpena Ahotsenean.
- Abenduak 13, zapatua. Basauri, Gaztetxea.
- Urtarrilak 31, zapatua. Donostia, Doka Kafe Antzokia.