Sardina kanpainan jarraitzen dute baxurako arrantzaleek. Asteon arrantzaleek ez dute aurreko asteetan beste sardina lehorreratu Ondarroako Kalare Deuna Kofradian. Martitzenean porturatu zen sardinarik gehien Ondarroan; 300.000 kilo inguru. Eguaztenean, ostera, sardina gutxiago porturatu zen. 20.000 kilo inguru.
Sardinak urrun jarraitzen duela azpimarratu dute Kalare Deunako Kofradiako kideek. “Bi tokitan dagoela esan dute arrantzaleek. Alde batetik, Ondarroatik 40-50 miliara, eta bestetik, 100 milia pasara. Urrutiago arrantzatzen ari diren sardina gazteagoa da, beraz, prezioz merkeagoa ere bada; 40-45 zentimo artean saltzen ari da. Hurbilago arrantzatzen ari direna, ostera, tamainaz handiagoa da, eta zer edo zer garestiago saltzen ari da”.
Bestalde, eguaztenean, lantzoi “garau gutxi batzuk ere” porturatu ziren. 600 kaxa porturatu ziren eta 85 zentimotan saldu ziren batazbeste.