Mutrikuko Udalak herriko gazteen artean ekintzailetasuna sustatu nahi du,
Garapen Planean jaso moduan. Horretarako, GazteEKIN! programa aurkeztu du. Programaren helburuak gazteen artean ekintzaile sena zabaltzea eta ekintzailetasuna sustatzea dira.
Programa Mondragon Unibertsitatearen eskutik sortutako
Want enpresak kudeatuko du. “Want 14 ekintzaile gaztek osatzen duten enpresa da. Ekintzailetasuna bultzatzeko euren proiektuaren muina gazteak elkarlanean jarri eta Mutrikuko egoera sozio-ekonomikoan eragiten saiatzea da”, azaldu du Garapen planeko koordinatzaile Marta Amonarrizek.
Want enpresako kideak: Josu Egizabal, Maite de jesus eta Amaia Zumeaga.
Zehatz esateko,
Want enpresako hiru kidek bideratu eta zuzenduko dute GazteEKIN! programa: Maite de jesus, Josu Egizabal eta Amaia Zumeaga. “Gazteekin zuzenean egin nahi dugu lan, eta haiekin elkarlanean ekintzaile komunitatea sortu herriari bultzada bat emateko arlo soziekonomikoan”, azaldu du Zumeagak.
Oro har, GazteEKIN! herriko 20 eta 30 urte bitarteko gazte guztiei dago zuzenduta. “Gazteekin herrian ikusten dituzten hutsuneei buruz hitz egitea eta elkarrekin herria berpizteko lan egitea da gure asmoa”, gaineratu du Zumeagak. “Mutriku hobetzeko gogoa duten gazteei bertaratzeko eskatuko genieke eta bertaratzera animatuko genituzke”.
Lehenengo bilera. Urriaren 24rako jarri dute hitzordua Want enpresako kideek. Egun horretan, programaren nondik norakoak azalduko dizkiete herriko gazteei. Horrez gain, elkarlanean aritzeko bideak irekiko dituzte. Bilera 19:00etan izango da, Konde kalean udalak duen lokalean (Zabiel plazaren ondoan).