Kataluniarrek bere etorkizuna erabaki nahi arren, Espainiako Estatuak trabatu egin die galdeketa egiteko bidea; dena den, azaroaren 9an herritarrei independentziaren inguruan galdetzeko asmoari eutsi die kataluniarrek. Hala, galdeketaren bezperatan eta Eskoziako erreferenduma igarota, euskal herritarrak ere erabakitzeko eskubidea noizbait egikaritzeko lanean ari direla adieraziko dute azaroaren 8an Donostiako Zurriola hondartzan egingo duten mosaiko erraldoian.
Lea-Artibai eta Mutrikutik bertaratzeko deia luzatu dute, eta dagoeneko, txartelak saltzeko zenbait egun eta leku jarri dituzte. Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak antolatu du Donostiako mosaikoa, eta bere helburua 5000 lagun elkartzea dela adierazi du. Hain zuzen, bertaratzen diren herritarrek Kataluniako eta Eskoziako ikurrinak osatuko dituzte pontxo urdin, zuri, hori eta gorriekin. Hori eginda, gainera, aterkin zuriak irekiko dituzte kataluniarrek eta eskoziarrek egin duten ahaleginari babesa erakusteko. Mutrikuko GEDk azaldu legez, aterki beltzak ireki eta hautestontzi erraldoia osatuko dute horren segidan, «Euskal Herriarentzat ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko».
Txartelak, salgai
Hala, mosaiko erraldoi horretan parte hartu nahi dutenek txartela erosi beharko dute. Mutrikun, esaterako, bihar 19:00etatik 21:00etara eta zapatuan 12:00etatik 14:00 etara salduko dituzte txartelak, Beheko Plazan.