Azken asteotan, euskal kostaldean zundaketak egiteko zenbait baimen eman ditu Espainiako gobernuak. Gaur, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek eta Edriga Aranburu Lekeitioko zinegotziak azalpenak eman dituzte gai horren inguruan. Horiekin batera, Ondarroako alkate Argia Ituarte eta Eako zinegotzi Juan Luis Landazabal ere izan dira agerraldian.
Edriga Aranburu Lekeitioko zinegotzia eta Idurre Bideguren Bermeoko alkatea.
EH Bilduko alkate eta zinegotziek Jaurlaritzak izan duen jarrera salatu dute. Jakinarazi dutenez, “
ezin dugu sinetsi Eusko Jaurlaritzak lizentziak horiek eman izana txalotzea, etekin ekonomikoa multinazionalentzat izango denean, eta ingurumena kaltetzeko arriskua dagoenean”.
Espainiak euskal gizarteari bizkarra emanez hartu ditu erabaki horiek koalizioko kideen ustez, eta Jaurlaritzak erabaki horiek babesten ari da. “Baleareetan eta Kanaria Uharteetan, zundaketen erasoei aurre egiteko batu dira gobernuak eta gizarte eragileak, baina Urkulluk kontrako norabidea hartu du”. Hala, atzera egin dezan eskatu diote EH Bilduko kideek, herritarren aldeko jarrera argia erakutsiz.
EH Bilduko alkate eta zinegotziek Jaurlaritzak izan duen jarrera salatu dute; Jaurlaritzak lizentziak eman izana ez sinistekoa dela esan dute udal ordezkariek
Koalizioko ordezkariek, kostaldeko herriak bizitzen ari diren
babesgabetasuna salatu dute. Izan ere, zundaketak arriskutsuak izan daitezkeen arren, ez Eusko Jaurlaritzak ezta Espainiako gobernuak ere ez dute informaziorik eman. “Ez dakigu zein teknika erabiliko dituzten, ezta zein arrisku aurreikusten dituzten”.
Udal ordezkariak, agerraldian.
Zundaketek eguneroko bizimoduan eragin dezaketen arren, kostaldeko udalak ikusle hutsak sentitzen dira. Hala, herritarren artean ezinegona zabaltzen ari da, jakina baita zundaketek zenbait arrisku dituztela. Ingurumen arloari erreparatuz gero, oso arriskutsua da zundaketak egitea: gas edo petroleo isurketak zein lur mugimenduak eragin ditzakete. Bestalde, akuiferoak eta kostaldea bera ere kutsatzeko arriskua dago, horrek arrantzaleei eragingo dien kalteagaz.
Hiru baimen
- Shell eta Capricorn multinazionalei emandakoa, kostaldetik 75-120 kilometrora zundaketak egiteko.
- Repsol eta SHESAri (Jaurlaritzaren menpekoa) emandakoa, kostaldetik 16-22 kilometrora zundaketak egiteko.
- Frontrea Energyri emandako Geminis lizentzia. Francking bezala ezagututako teknika erabiliz zundaketak egiteko. Sopela eta Bermeo arteko lur eta itsas eremuak hartzen ditu.