Ondarrutarrak epaiketa eduki du gaur [urriak 23]. Orokorrean, presoa epaiketan “lasai” egon dela esan du Alai Uranga Artola presoaren arrebak. “Epaiketa ondo joan da. Fiskalak bere irakurketa egin du, Kemenek esan duen guztia gezurtatuz. Abokatuak Kemenen defentsa egin du. Behin hori eginda, orain epaiaren zain gaude”.
Epaiketa San Fernando de Henares herrian izan da, Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan dituen (Madril, Espainia) epaitegi berrietan; 10:00etan hasi da 13:15ean amaitu da.
Urangarentzat zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak, “ETAri laguntza ematea” leporatuta. Urangaren abokatuak presoaren absoluzioa eskatu du.
Epaiketa bukatu ostean, bi lagunekin bost minutuko bisita egiteko aukera eduki du Urangak, kristal atzetik. “Epaitegian bertan berarekin berba egiten utzi diote bi laguni”.
Ondarroatik 37 lagun joan dira, autobusean. Bertan, beste hainbat lagun batu dira. Horrela ba, guztira 45 bat lagun batu dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaitegian preso politiko ondarrutarrari babesa emateko . “Anaia etorri da Bartzelonatik, ondarrutar batzuk, oporretatik bueltan zetozenak, geldialdia egin dute, eta Madrilen zeuden Kemenen lagun batzuk ere etorri dira epaiketara”, adierazi du.
Ondarrutarrak Madrilen. Argazkia: Turrune
Epaiketara denak sartu direla esan du Urangak, adin txikikoak izan ezik. “Hiru adin txikiko kanpoan geratu dira, 15 urteko bi eta 9 urteko bat”. Dena dela, atzo, adibidez, 15 urteko loba batzuk sartu ahal zirela esan zieten preso ondarrutarraren senideei, “gaur ez digute utzi”.