Konponbide garaia dela aldarrikatu dute hainbat lagunek Ondarroako kaleetan egindako manifestazioan
https://www.youtube.com/watch?v=AX5YPhO0oRQ Ondarroako kaleetan barrena manifestazioa hasi aurretik asanblada informatiboa egin dute Alamedan. Gaur [urriak 23] Espainiako Auzitegi Nazionalean Kemen Uranga ondarrutarrak izandako epaiketaren berri eman dute lehendabizi.
Bestalde, irailaren 24an, zubi harresian parte hartu zuten bost lagun epaituak izan ziren, horietatik bi ondarrutarrak ziren. Irailaren 4an Aitzol Etxaburu Frantziatik Espainiara estraditatua izan zen, eta urriaren 13an epaitua izan zen Madrilen. Epaiketa honetatik absolbitua izan zen. Urriaren 8an, Xabi Haranburuk beste epaiketa bat eduki zuen Parisen. 6urteko kartzela zigorra eta 1.500 euroko isuna ezarri zioten. Urriaren 10ean Aitzol Etxabururen senideak bisitarik gabe geratu ziren, bisitata sartzeko baldintza biluztea zelako.
Egoera guzti horiek onartezinak direla azpimarratu nahi izan dute Alamedan batutakoek. “Guzti honen aurrean nahikoa da esan nahi dugu. Onartezina da presoen urraketen aurrean espaniar eta frantziar estatuek duten inpunitatea. Presoen kontrako eskubide urraketak eta salbuespen politikak eguneroko ogia dira tamalez. Euskal preso politikoek kartzeletan pairatzen dituzten muturreko egoerak, legeak horrela dioelako aske egon behar luketen preso gaixoak espetxea mantentzea eta senideen kontrako neurri bidegabeak mendekuan oinarritzen den politikaren adibide garbiak dira. Presoen eskubideak bapezten dituzte, beraien bizia bera arriskuan jartzeraino”.
Azkenik, irtenbide bat emateko garaia iritsi dela azpimarratu dute Alamedan: “Mendekua eta gatazkaren behinbetikotzea helburu duten jarrerak alde batera laga eta behingoz urte luzetako sufrimendua eragin digun gatazka politikoari irtenbide bat ematen hasteko garaia da”.
Asanblada informatiboaren ostean, manifestazioa egin dute Ondarroako kaleetan zehar. Alamedan hasi eta alde zaharrean amaitu dute Aski da! Konponbide garaia da! lemapean.