Markina-Xemein eta Aulesti artean dabiltzan kamioiek arriskua eragiten dutela salatu dute Meabekoek
https://www.youtube.com/watch?v=1FcLnNE-x4E
Idatzia aurkeztu dute Markina-Xemein eta Aulestiko udaletxeetan. Meabeko auzotarrak arduratuta daude harrobietara doazen kamioiek eragiten duten «arriskuagaz», eta arazo horren aurrean zer edo zer egitea eskatu diete udalei.
Idatzia aurkeztu dute Markina-Xemein eta Aulestiko udaletxeetan. Meabeko auzotarrak arduratuta daude harrobietara doazen kamioiek eragiten duten «arriskuagaz», eta arazo horren aurrean zer edo zer egitea eskatu diete udalei.
«Sustorik susto gabiltza egunero», diote Meabe auzokoek. Azaldu dutenez, Markina-Xemeindik Aulestirako norabidean etengabe dabiltzan kamioiek auzokoen ibilbidea, autoz zein oinez, ikaragarri zailtzen dute. «Gutariko askok izan du ezbeharren bat bide horretan kamioiren bategaz, batez ere beheranzko norabidean doazenekin», jakitera eman dute. Eta batzuk arinak izan arren, urradurak eta ispilu hautsiak esate baterako, guztiz txikituta geratu diren autoak ere badirela azpimarratu dute. «Kamioiak bizkorregi ibiltzeak eragin ditu kalte hauek, beherantz doazenean ez bait dute abiadurarik mantsotzen; errepidea beraiena da, eta mendia harrobiena», diote.
Kamioiekin parez pare aurkitzean, harek, aurrera egiten dutela esaten dute Meabekoek. «Ia errepide osoa hartzen dute, eta norbera baztertu behar da, beldurrez».
Auzotarren esanetan, eurak ez dira errepide horren beldur diren bakarrak. «Ziortza-Bolibarko gurasoek ere ez dute eskolako autobusa lehenengo Meabera etortzerik nahi; errepide hau arriskutsua dela diote, eta euren seme-alabak Meabera etorri aurretik Ziortza-Bolibarren uztea eskatu dute».
Erantzun barik
Meabeko bizilagunek azaldu dutenez, harrobira joan dira kamioien jarrera salatzera, baina egindako eskariek ez dute erantzunik izan: «Badirudi gure izuak ez diola inori ardura, orain arteko aldarrikapen baketsuek ez baitute inongo eraginik izan, eta egoerak berdin dirau. Heriotzaren baten berri izan arte ez al gara ohartuko kamioien joan-etorri honek duen arrisku mailagaz?».
Bestalde, Meabe eta Santa Eufemi inguruak markina-xemeindarrentzako balio handikoak direla gogora ekarri dute, eta beraz, harrobien ustiaketak «kontrolatua eta beharren arabera egindakoa» izan beharko lukeela diote.
Markina-Xemein eta Aulesti arteko errepidearen arazoa ez dela bakarrik auzotarrena uste dute. «Udaletxeek zeresan handia dute honetan», diote. Eta beraz, sinadura bilketa bat egin dute, udaletxeetan aurkeztu dutena. Horretaz gainera, arazoak aurrera jarraituz gero, beste protesta mota batzuk pentsatzen hasiko direla jakitera eman dute Meabeko auzotarrek.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.