Iaz 140 lagun inguru batu ziren mendi martxan. Argazkia: Burumendi
Mutrikuko Burumendi elkarteak antolatuta, Gipuzkoako mendizale helduen 28. ibilaldia egingo da Mutrikun, domekan. Mendi martxa Ordiziako taldea 24 urtez antolatzen egon eta gero, Burumendikoek haien lekukoa hartu zuten orain lau urte.
Mendi martxan batzen direnek 08:00etan irtengo dute Txurruka Plazatik. Bazkal ordurako helduko dira berriro Goiko Plazara. Antolatzaileek
17,2 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Iazko mendi martxatik oso desberdina dela aurreratu dute. Honakoa izango da ibilbidea: Txurruka Plaza, San Jeronimo, Atxukarro, Ardazkoneta, Olatz, Abeletxe, Apain, Tanger, Sagarmina, Lazao Haundi, Casa Campo, Bustinaga, Pikua, San Juan eta Txurruka Plaza. Gutxi gora behera lau ordu eta erdiko ibilaldia izango da.
Argazkia: Burumendi
Urtero egin bezala, ibilbidea aldatzen saiatzen dira Burumendiko kideak. “Modu horretan Mutrikuko leku ezberdinak jendeari erakusten joateko. Tartean, hamaiketako bat ere egingo dugu. Aurten Sagarmina baserrian egingo dugu. Bertako txakolina probatzeko aukera edukiko dute mendi irteerara etortzen direnek, besteak beste”.
Iaz 140 lagun inguru batu ziren Mutrikuko mendi taldeak antolatutako helduen mendi martxan. Giro ona egoten dela, eta batez ere, inguruko jendea etortzen dela nabarmendu dute Burumendikoek. “Urtero beti-betiko jendea etortzen da. Gipuzkoa osotik jende asko etortzen da. Arrasatetik, esate baterako, autobus bete jende etorri ohi da urtero. Horrez gain, Bizkaitik etortzen direnak ere badira. Sestao eta Durango aldetik, adibidez”.
Eguraldiaren arabera jende gehiago edo gutxiago batzen direla ere aurreratu dute mutrikuarrek. Ibilaldia egin ondoren, proposamen modura, bazkaria egingo dute Lagun Artea elkartean aurretik izena emanda duten kideek.