
Besteak beste, Sagarmina baserri alboko mahastietatik igaro zen ibilbidea. Argazkia: Burumendi
Eguraldi ona lagun, iaz baino jende gehiago batu du aurten Mutrikun egin den Gipuzkoako mendizale helduen 28. ibilaldiak. “Aurreko urtean baino jende gehiago animatu da aurten. Iaz 140 bat izango ziren”, nabarmendu dute Mutrikuko Burumendi Mendi Elkarteko kideek. Domeka bertan izena eman zutenak ere, asko izan zirela azpimarratu dute Burumendikoek; 50 lagun izan ziren azken orduan izena eman zutenak.
Orokorrean jendea gustura geratu dela adierazi dute Burumendi elkarteko kideek. Mutrikuko mendi taldeko kideak ere, aurtengo mendi martxak izan duen emaitzarekin oso gustura geratu dira. “Domekan egin zuen eguraldiarekin ezin gara kexatu. Ez zen inongo aparteko gertaerarik egon, eta jendea oso gustura geratu zen prestatu genuen ibilbidearekin. Azkenik, bazkaritan ere oso gustura ibili ginen. Denak ondo irten zuen”.

Mendi martxan parte hartu zutenek Goiko plazatik irten zuten. Argazkia: Burumendi
Mendi martxan batutako 150 lagunek Goiko Plazatik 08:00etan irten zuten San Jeronimo aldera. Mutrikuko hainbat auzotan ibili ondoren, Sagarmina baserrian egin zuten atsedenaldia eta hamaiketakoa. “Hamaiketakoa hantxe egin genuen. Hango mahastietatik zehar egin genuen jaitsiera. Jendeari leku ezberdinak ezagutzea asko gustatu zitzaion eta oso pozik geratu dira”. 13:00ak aldean heldu ziren Goiko Plazara Mutrikuko auzo desberdinetatik buelta eman ondoren. Ibilaldia eta gero, Lagun Artea elkartean lagun asko batu ziren bazkaritan; 90 pertsona orotara.
Burumendik iragarri duenez, datorren urteko mendizale helduen ibilaldia ere eurek antolatuko dute. “Ziuraski guk antolatuko dugu berriro”.