Akordiorik gabe altxatu ziren barikuan Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaibus zerbitzua eskaintzen duten autobus enpresak negoziazio mahaitik, eta, gaur, greba mugagabea abiatu dute langileek; gutxienez barikura arte iraungo du; Orduan batuko dira berriz sindikatuak eta Aldundia. Akordiorik barik, ELA, LAB, UGT, CCOO eta LSB sindikatuek protestara deitu dute.
Diputazioko iturriek jakinarazi dutenez, istiluak izan dira gutxieneko zerbitzuak abiatzerakoan, Berriatuan autobusen irteera oztopatu baitute, eta Lemoan ere arazoak egon dira. Halaber, kristal bat hautsi dute harri bat jaurtita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, berriz, jakinarazi du piketeak izan direla autobus tokien inguruetan, baina ez dela liskarrik izan.
Foru Aldundiak martxan jarri nahi duen aldaketarekin linea gutxiago izango ditu zerbitzuak, baina lanpostu guztiak mantenduko diren konpromisoa ziurtatu nahi dute langileek”
Lehenengo egun honek, gainera, Gernika-Lumoko azken asteleheneko azokagaz bat egin du. Milaka lagun dira gaurko egunez Bizkaibusen zerbitzua erabiltzen dutenak, eta %30eko gutxieneko zerbitzuak aurreikusi badituzte ere, litekeena da auto-ilarak izatea.
Euskotrenek, berriz, zerbitzu berezia jarri du martxan, Gernika-Lumora joan eta itzuli ahal izateko.
Ostiralera arte ez da bilerarik espero sindikatuen eta diputazioaren artean. Aurreko lanuzteetan egin legez, langileek protesta egin dute gaur Bilboko erdialdean, diputazioari eskatzeko lanpostuak mantentzeko “egiazko” konpromisoa har dezala.
Foru Aldundiak martxan jarri nahi duen aldaketarekin linea gutxiago izango ditu zerbitzuak, baina lanpostu guztiak mantenduko diren konpromisoa ziurtatu nahi dute langileek. Barikuan aurkeztu zuen foru aldundiak 2013ko urrian zeuden lanpostu guztiak bermatzeko konpromisoa. Horrez gain, ordea, dokumentuan zehazten da lanpostuak mantentzea zerbitzua eskaintzen duten enpresekin hitzartu beharko dela. Horrek eragin zuen sindikatuen ezetza, konpromiso hori orain nahi dutelako. Iñaki San Andres ELA sindikatuko ordezkariak azaldu zuen ezetzaren zergatia: “Gaur egun iaz sinatutakoa betetzen ez badute, nork ziurtatuko digu orain esandakoa etorkizunean beteko dutela?”. Aldundiak behin eta berriz adierazi du langile guztien subrogazioa hitzartuta dagoela eta ez dituela sindikatuen protestak ulertzen. Azken astean, “jarrerak hurbildu” zituztela zirudien, baina azkenean gaur hasiko dute greba mugagabea.