Hain zuzen, bi ebakuntza gela izango dira erabilgarri aurrerantzean; eta, hasiera batean, kirurgia oftalmologikoa eta traumatologikoa egingo dituzte. Endoskopiak egiteko gela, anestesia ostean bizkortzeko unitatea eta kirurgia anbulatoriorako unitatea ere zabalduko dituzte.
Gernika-Lumon egon ziren barikuan Jon Darpon Osasun sailburua, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria eta Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari Jon Guajardo. Osasun sailak zehaztu zuenez, Gernika-Lumoko ospitalean urtean traumatologiako 400 ebakuntza kirurgiko, oftalmologiako 600 eta 750 proba endoskopiko egingo dituztela aurreikusi dute.

Etxeberria, Darpon eta Guajardo egon ziren barikuan Gernika-Lumoko ospitalean
Osasuna, «lehentasuna». Jon Etxeberriak, bestalde, Osakidetza kalitatezko zerbitzu publikoa izateko konpromisoa berretsi zuen. «Orain nabarmen hobetuko du Lea-Artibai eta Busturialdeko herritarrentzako osasun arreta. Gainera, erreferente izateko baliabideak jartzen ari da».
Jon Darponek esan zuenez, Urkulluren gobernuak pertsonei eman nahi die lehentasuna, eta Osakidetza ere lehentasuna da Jaurlaritzarentzat. «Hori dela eta, ez dugu zerbitzu bat bera ere kenduko». Lanpostu publikoen aldeko apustua egingo dutela esan zuen Osasun sailburuak. «Gernika-Lumoko ospitaleak 56.000 pertsonari ematen die zerbitzua, eta instalazio berriek zerbitzu klinikoa hobetuko dute, itxaron zerrendak murriztuz».
Enplegu publikorako deialdia
Asteon aurkeztuko ditu Jaurlaritzak 2015erako aurrekontu orokorrak, eta «izaera soziala» izango dutela esan zuen Darponek. «Osakidetzari dagokion partida handitu egingo da, eta langilegora zein inbertsioen atalera bideratuko dugu dirua». Lan baldintzak hobetzeko beharra egiten dutela aipatu zuen, eta Enplegu Publikorako bi deialdi iragarri 2015eko martxora bitartean. «Ia 1.000 lanpostu sortuko ditugu». Horregatik, sindikatuek sortu nahi duten «arrazoitu gabeko ezinegona» ulertezina dela esan zuen.
Sindikatuek diotenez, baina, ez dituzte 1.000 lanpostu sortuko. Galdakaoko ESI Barrualdeko LABeko delegatu Latxe Urangak esan legez, lanpostu librerako 474 leku aterako dituzte, eta bikoitza barne promoziorako. «Deialdi honetan, barne promoziorako bete gabe gera litezkeen lekuak ez dituzte lanpostu libreetara gehituko; beraz, hutsik geratzen diren horiek galdu egingo dira».
Gabeziak
Osakidetzako arduradunek diotenaren aurka, 2012ko abenduan zabaldu zutenetik, Gernika-Lumoko ospitaleak gabezia handiak dituela esan zuen Urangak: «Osakidetza Sareko eskualdeko ospitale baten planteamendua egin zuten, baina urtebeteren ostean, hobetu beharrean egoerak okerrera egin du». Pediatria zerbitzurik ez du, larrialdi zerbitzuetako medikuek zituzten akordio batzuk atzera bota dituzte, administrari laguntzaile bakarrak egin beharko du lan guztia, eta kanpo zerbitzuetan ere egoera antzerakoa dela esan zuen. «Orain kanpo zerbitzuetako administrari horrek hartu beharko du kirurgia zerbitzuaren ardura». Lan karga handitu egin dela zioen delegatuak, «baina proposamen egokirik ezta errealik ez dute eman».
Ospitalean oheak jartzearen alde dagoen plataformak, bestalde, benetazko eskualdeko ospitale bat exijitu du, beste behin. «2007an Osasun sailburu zen Gabriel Inclanek aurkeztu zuen proiektua ospitale legez, eta 70 ohe aurreikusi zituen», zioen plataformako kide Camino Saizek. Hala, agindutakoa betetzeko eskatu zuen: «Ospitaleak oheak izan ditzala, ebakuntza baten ostean arazo ez-larria duten gaixoek ingresatuta geratu ahal izateko, Galdakaora joan beharrik barik». Era berean, hemodialisi zer-
bitzua ere eskatu zuen. «Ospitaleak zerbitzu hori emango zuen konpromisoa hartu zuten. Bizkaian itunpeko bi zerbitzu ditu Osakidetzak hemodialisia egiteko; beraz, pribatuak direnak kentzeko eta zerbiztua Gernikan emateko eskatu nahi diogu».
Larrialdi zerbitzuetan dituzten gabeziak ere kritikatu du plataformako kideak: «Pediatria zerbitzua bai, baina pediatrarik ez dago, esate baterako».