
30 bat lagun batu ziren domekan Pakito Arriaran gogoratzeko Mutrikun egin zen hitzaldi eta bideo emanaldian. Zubixa dinamizatzeko egiten ari diren ekimenen artean lehenengoa izan zen domekakoa.
Hileon internazionalismoaren inguruko ekimena egin dute Mutrikuko herriko tabernan. Pakito Arriaran zenaren bizitzaren inguruko bideo emanaldiarekin hasi zen egitaraua. Ordu erdi dokumentalaren ondoren, hainbat herrialdeetako internazionalismoaren inguruko hitzaldia eman zuen Julen Zulaikak. Zubixara hurbildu ziren herritarrak gogotsu aritu ziren hitzaldiaren osteko eztabaidan parte hartzen.
Pozik geratu dira Zubika Libre dinamikakoak herritarrek eman zuten erantzunagatik. “Jendea oso gustura egon da. Bideo emanaldia eta gero egon den eztabaidan ia denek parte hartu dute. Eztabaida polita sortu da, gainera, Zubixara bertaratu diren herritarren artean. Lehen ekimen hau oso gauza interesgarria izan da. Herrian ez da inoiz internazionalismoa landu, eta parte hartu dutenak oso interesatuta ikusi ditugu. Etorkizunean, gai honekin jarraitzeko asmoa daukagu”.