Joseba Artzak bigarren egin du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan
200 lagun inguru elkartu ziren zapatuan [urriak 25] Mungiako Olalde aretoan #Josi-Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketan. Bertsolariak hurrengoak izan ziren: Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Gorka Lazkano Arrizubieta, Jon Rementeria Larruzea, Joseba Artza Zubillaga, Julen Ibarguengoitia Ordorika eta Peio Ormazabal Villanueva.
Ariketa guztiak egin ostean, Eneko Abasolo Txabarri Abarkasek lortu zuen Mungiako saioan puntu gehien batzea. Denetara, 377 puntu lortu zituen. Modu horretara, finalaurrekoetarako txartela lortu du iurretarrak, eta azaroaren 22an Etxebarrian kantatuko du.
Etxebarriko Joseba Artza bertsolariak ere saio “bikaina” egin zuen. Bigarren geratu zen Abasoloren atzetik 372,5 puntugaz. Artzak bigarren egin bazuen ere, puntuazioaren arabera, finalaurrekoetan egoteko aukeraren bat edo beste badu. Honako puntuazioa lortu zuen Mungian: zortziko handian 116 puntu, zortziko txikian 116 puntu, puntu erantzunetan 64 puntu eta kartzelan 76,5. Bestalde, Gernika-Lumoko Jon Rementeria Larruzeak eta Julen Ibarguengoitia Ordorikak laugarren eta bosgarren egin zuten, 337,5 eta 336,5 puntugaz, hurrenez hurren.
Sariak banatzen Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Asier Ibaibarriaga Apoita, eta Mungiako alkatea, Izaskun Uriagereka Legarreta egon ziren. Gai emale beharretan, ostera, Begoñe Olabarria Astobiza ibili zen. Epaimahaia Ander Txakartegi Basterretxeak, Andoni Larrea Garai, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxeak, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxeak osatu zuten; idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.
Laugarren kanporaketa, Mallabian
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo kanporaketa saioari dagokionez, azaroaren 2an, Mallabiako herriko frontoian egingo da, 17:30ean. Taulagainera Eneko Arrate Sololuze, Gorka Ostoloza Ikaran Potxis eta Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak, Arrate Illarro, Malen Amenabar eta Peru Vidal bertsolariegaz batera ariko dira. Aurkezle eta gai emale beharretan Leire Bilbao ariko da.

