Mobilizazioak iragarri dituzte sindikatuek osasun sare publikoan
Negoziazio mahaian Osakidetzak proposamen errealik aurkeztu ez duela iritzita, mahaia utzi zuten sindikatuek. Lanpostu publikoak sortzeko eskatu dute sindikatuek, baita beharginen lan baldintzak hobetzeko ere. Akordiorik lortu ezinik, baina, mobilizazioak iragarri dituzte osasun zerbitzu publikoan.
LAB, ELA, ESK, UGT, CCOO, SATSE eta medikuen sindikatuek deituta, lanuzteak egingo dituzte azaroko eguen guztietan. Goizeko eta arratsaldeko txandetan lau orduko lanuztea deitu dute azaroaren 6rako. Eta zortzi ordukoa egingo dute hurrengo asteetan; eguen bakoitzean herrialde batean. Gipuzkoan azaroaren 20rako deitu dute zortzi orduko lanuztea; Bizkaian azaroaren 27rako, goizeko eta arratsaldeko txandetan. Galdakaoko ESI Barrualdeko LABeko delegatu Latxe Urangak esan duenez, lanuzte egunetan zerbitzu minimoak errespetatuko dituzte; «hala ere, Osakidetzako langileak zerbitzu minimoekin lan egiten dugu egunero. Beraz, mobilizazioek gaixoengan izango duen eragina minimoa izango da».
Abenduaren 4an greba
Langileak eurak eta bai herritarrak ere, haserre direla esan du LAB sindikatuaren delegatuak; «beraiek badakite zelako murrizketak eman diren osasun publikoan, badakite itxaron zerrendak handiak direla… Gabeziak daudela da errealitatea, Darponek aurkakoa esan arren».
Hala, azaroko mobilizazioen ostean, greba eguna deitu dute sindikatuek abenduaren 4rako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.