Andoni Arrizabalaga
Itziarren semea-ri heriotz zigorraren berri eman ziotenean Jesus Mari Aramaiogaz (Ondarroa, 1944) batera zegoen Carabancheleko (Madril, Espainia) kartzelan. ETAko kide zirela egotzita epaiketa militarra izan zuten bost ondarrutarrek orain 45 urte, 1969ko urriaren 27an. Europan, eta gehien bat Euskal Herrian eman ziren mobilizazioei esker, Arrizabalagari heriotz zigorra kendu eta bizi osorako kartzela ezarri zioten. Franco hil ostean izandako amnistia legearekin, Andoni Arrizabalagak 1977an espetxetik irten zuen. Egun haiek gogora ekarri ditu Aramaiok.
Andoni Arrizabalagak heriotz zigorraren berri non jakin zuen gogoratzen al duzu?
Bai, argi gogoratzen dut. Andoni eta ni Madrilen geunden, han epaiketa genuelako. Carabancheleko kartzelako gela berdinean jarri gintuzten, eta hantxe geundela eman zioten Andoniri heriotza zigorraren berri.
Heriotz zigorraren berri izan zuenean zer zioen Arrizabalagak?
Lasai ikusten nuen. Gizon gogorra zen. Berak zera esaten zidan: “Ez dut uste kartzelan fusilatuko nautenik”.
Zeintzuk izan zineten Burgosen epaitutako ondarrutarrak?
Beste hiru ondarrutar epaitu zituzten: Iñaki Garzia, Iñaki Uribe eta Andoni Bedialauneta.
Zer leporatzen zizueten?
Arrizabalagari Ondarroara lehergailu bat ekarri zuela leporatzen zioten, besteak beste. Udaletxean bonba bat lehertu zen, eta hura berak ekarri zuela leporatzen zioten Andoniri. Osterantzean, atentatu bat prestatzen ari ziren batzar batzuetan, eta han parte hartu izana ere egozten zioten.
Eta zuri?
Norbaitek Ondarroan lehergailuak eta armak egon zitezkeela salatu zuen, eta horren errudun izatea niri leporatzen zidaten. Hainbat aldiz kartzelan egonda nengoenez, erruduntzat jo ninduten.
Bedialaunetari, Garziari eta Uriberi zer leporatzen zieten?
Ez dut ondo gogoratzen, baina, garai hartan Ondarroako udaletxean lehergailu bat ipintzegatik zigortu nahi zituzten hirurak.
Epaiketaren eguna bera zelan gogoratzen duzu? Urduri al zeuden?
Ni oso urduri nengoen, eta Andoni, ostera, oso lasai.
Zelan joan zen epaiketa?
Fiskalak galdetutakoaren arabera erantzuten hasi ginen.
Zeinek deklaratu zuen lehenengo?
Niri galdetu zidaten lehendabizi. Abokatuagaz aurretik adostutakoa esan nuen, eta listo; gazteleraz erantzun behar izan genuen. Momenturik gogorrena Andoniren txanda heldu zenean izan zen.
Zer gertatu zen ba?
Epaileak galderak egiten zizkion bitartean Andonik entzungor egin zuen; nire ondoan zegoen eserita. Epaileak bigarren aldiz luzatu zion deia, eta tentsioa nabarmen igo zen epaitegiko gela hartan. Arnasarik ere ez zen entzuten. Berriro deitu ziotenean ahopean zerbait aldatu egin behar zela esan nion Andoniri, eta berak honela erantzun zidan: “Neure burua maite dut, baina Euskal Herria maiteago dut”. Andoni bera altzatu eta zera esan zion epaileari: “Andoni Arrizabalaga naiz. Tribunal hau ez dut onartzen, eta ni bakarrik herriak epaituko nau”. Epaile militarraren aurrean adierazpen horiek egin ostean, sekulako iskanbila gertatu zen gela hartan, aldean zeramatzaten sableak ere ateratzera zihoazela zirudien. Gauzak zer edo zer baretu zirenean, fiskalararen hitzak gazteleraz honakoak izan ziren: “Independentzia nahi baldin badute, eraman ditzatela irla bolkaniko batera eta hil daitezela txakur gosetuak lantxerik”.
Epaiketa bera oso mediatikoa izan zen, ezta?
Bai, oso jarraitua izan zen.
Zuen senideak ere han ziren?
Gaur egun nire emaztea dena eta Andoniren neskalaguna zirena heldu ziren, baina Ondarroatik antolatutako autobusa kontrolean geratu eta ez zioten pasatzen utzi. Baina, Andoniren eta nire neskalagunek lagun bateri deitu eta Lekeitiotik irtetzea erabaki zuten. Harek ailegatu ziren. Beste ondarrutar batzuk ere beste nunbaitetik ailegatu zirela uste dut, baina gehienak kanpoan geratu ziren, ez zieten utzi barrura pasatzen. Senideei eta lagunei ez zietenen barrura sartzen utzi, batzuei bertara heltzen ere ez zieten utzi garai hartako poliziek. Epaiketara joan ziren herritarrei ez zieten utzi epaitegira gerturatzen ere; bertan egon zirenen esanetan, epaitegira heltzeko bidea itxita zegoen kale bi arinago.
Behin epaiketa amaituta, zelako gaua pasatu zenuten?
Epaiketaren gauean elkarrengandik hurbil zeuden kartzelako gela banatan sartu gintuzten. Salto egin eta elkar ikusten genuen. Burgosen eman genuen gaua. Garai hartan heriotza zigorra 48 orduko epean erabakitzen zen. Fusilatu edo heriotza zigorra kendu eta bizi osoko zigorra ezartzea erabaki behar zuten epaileek. 48 orduan sententzia jakitera eman behar zioten. Burgosko kartzelako gelara etorri ginenean, Andoni txarto pasatzen egongo zela eta, lo egiteko pilulak ekarri zizkioten, eta imaginatu zelako urduri ikusten ninduen pilulak niri eskaini zizkidala.
Noiz eduki zenuten Andoni Arrizabalagaren sententziaren berri?
Handik bi egunetara Burgosko kartzelako patioan geundela eman zioten berria Andoniri. Heriotza zigorraren ordez, bizi osoko zigorra ematen ziotela enteratu ginen. Niri absoluzioa ematen zidaten, beraz, Burgosko kartzela atzean utzi eta hantxe agurtu nuen Andoni besarkada handi bategaz. Erabat hunkigarria izan zen elkar agurtu ginen une hori, urte askoan ezagutzen ginen eta.
Epaiketa eguna eta Andoni bera gogoratzeko ezer berezirik egingo al da?
Herriko taberna batzuetan Andonik berak 1969an kartzelan zegoela sortu zuen
kanta jarriko dute. Jabi Ituarte musika zuzendariari kanta grabatzeko eta abesteko eskatu nion;
Lourdes Iriondoren Lin Pan mendian doinuarekin egitea eskatu nion. Izan ere, Andonik berak asko erabiltzen zuen doinu hori, eta doinu haretxekin grabatzea erabaki genuen kantua. Beraz, 1969. urtean Burgosko espetxean idatzi zuen
kantua entzun ahalko dugu orain.