Denetariko arraina porturatu dute arrantzaleek asteon Ondarroan
https://www.youtube.com/watch?v=yC0JORMbkJ0 Eguraldi txarragaz aste hasiera eskasa izan dute baxurako arrantzaleek. Beste aste batzuekin alderatuta sardina gutxi porturatu dela nabarmendu du Eusebio Arantzamendi Ondarroako Kalare Deuna Kofradiako lehendakariak.
Astelehenean, esate baterako, ez zen bentarik egon. Martitzenean arrantzaleak sareak apurtuta, nahikoa arrain gutxiagoaz porturatu ziren, besteak beste. Txitxarro beltza, sardina, lantzoia, salba eta txitxarro zuri apur bat saldu zen kofradiako bentalekuan.
Eguaztenean, ostera, zorte hobea izan zuten arrantzaleek. Berdela, txitxarro txikia, sardina piloa, lantzoia eta haginzorrotza harrapatu zituzten, hurrenez hurren. Txalupa bakar batek, esate baterako, nahikoa haginzorrontz ekarri zuen; 800 kaxa inguru. “Tamaina ederreko haginzorrotza ekarri zuen eta ondo saldu zen enkantean, 3,50 euro bueltan”. Baxurako beste itsasontzi batzuek ere ekarri zuten haginzorrotza eguaztenean, baina tamaina gutxiagokoa. “Azken honek merkeago egin zuen bentan”.