Nagusien lehen taldea. Argazkia: Mutriku FT
Guztira zortzi talde aurkeztu ditu aurten Mutriku Futbol Taldeko familia handiak. Nagusietan hiru talde, gazteetan talde bat, kadeetan bi talde, txikietan talde bat eta futbol 8ko talde bat aurkeztu dituzte 2014-2015 denboraldirako.
Aurten, gainera, denboraldi berria talde berri batekin hasi dute mutrikuarrek. Zehatz esanda, urtebetean neska kadeterik gabe egon eta gero, taldea berriro sortzea lortu dutela argitu du Jon Naberan Mutriku Futbol Taldearen presidenteak. «Aurreko urtean kadeteen neska taldea osatzeko jende gutxi izan genuen, eta, horrenbestez, ezin izan genuen talderik egin. Soraluzeko entrenatzailea genuen, eta han beste jokalari batzuk jokatzeko prest zeudela eta, han taldea sortu ahalko zuela esan zigun. Bi aukera genituen, Deban edo Soraluzen jokatu. Iaz, azkenean Deban jokatu zuten hemengo neskek, hurbilago dago eta. Aurten, aldiz, Mutrikuko, Ondarroako eta Soraluzeko hogei bat neska batu ditugu kadete taldean».
Nesken nagusien taldea. Argazkia: Mutriku FT
Era berean, Mutriku Futbol Taldea eratu zela 70 urte bete dira aurten, eta iaz egin modura, talde guztiek 70. urteurrena gogora ekartzen duen kirol materiala erabiliko dute aurten ere. «Horrez gain, aurten 50 urte dira Mutrikuko lehen taldea hirugarren mailara igo zela. Aurreko batean bizirik gelditzen diren futbolariei omenaldi txiki bat egin genien».
Mutrikuko mutilen lehengo taldea Gipuzkoako lurraldeko gorengoen mailan jokatzen ari da denboraldi honetan. Sei jardunaldi jokatu eta gero, sailkapen taularen erdialdean doa Juan Etxaburuk entrenatzen duen taldea. Gogotsu ari dira Etxaburuk zuzentzen dituen 24 mutilak.
Iaz nagusien lehenengo taldea «nahikoa ondo» ibili zela nabarmendu du Naberanek. «Taldeari igotzeko sekulako ilusioa ikusten zaio, eta niri ere, pertsonalki, ilusioa egingo lidake igotzeak. Igoko balira, zuzendaritza taldea ere pozik geratuko litzateke, nola ez. Talde modura nahikoa ondo ikusten ditugu. Ea aurten mailaz igotzea lortzen dugun».
Mutil nagusien bigarren taldea. Argazkia: Mutriku FT
Beste alde batetik, lurraldeko lehen mailan ari diren mutilak euren multzoko hirugarren postuan doaz, bosgarren jardunaldia jokatu eta gero.
Nagusien bigarren taldea ere «ondo dabilela» azpimarratu du Naberanek. Talde hori SBB Mutrikuarrak desagertutako taldeko kideek osatzen dute, batez ere, eta lehenengo taldean bajaren bat edo lesioaren bat dagonean, talde hortako jokalariekin osatzen duten lehen taldea. Aritz San Martinek hamazortzi jokalariko taldea entrenatzen du.
Nesken nagusien taldea, berriz, lurraldeko mailan jokatzen ari da. Hamazortzi neskak osatzen dute Garikoitz Salcedok entrenatzen duen taldea. Ondo hasi dute denboraldia. Sailkapenean bigarren doaz, Arizmendiren atzetik.
Mutriku Futbol Taldeko presidenteak neska nagusiek talde polita dutela adierazi dute. «Iaz mailaz igo egin ziren, eta aurten maila horri eutsi beharko diote. Iaz mailaz igo zirenean, gainera, ni egon nintzen euren taldeko entrenatzaile. Orduantxe utzi nion entrenatzeari ere, zazpi urteren ondoren. Igoerako azken partidua oso polita izan zen, pozik nago izandako bukaerarekin».
Gazte mailako mutilen taldea. Argazkia: Mutriku FT
Gazte mailatik beherako talde guztiek Burumendi izena hartu dute aurten. Igor Garai entrenatzaileak prestatzen duen mutil gazteen taldea iaz igo zen mailaz, eta aurten, mailari eusten saiatuko dira. Gazteen ohorezko mailan jokatzen ari dira mutilak. Burumendiko kadeteen mutilen taldeari dagokionez, lehen mailan ari dira jokatzen Iñaki Urrosolok entrenatzen dituen mutilak. Naberanek oso maila onean daudela argitu du. «Mailari eusten badiote, pozik egongo ginateke».
Burumendiko neska kadeteen taldea, aldiz, Mutrikun jokatzeko indar eta ilusio handiarekin hasi da. «Neska kopuru handia dugu, eta maila ona dute». Andoni Ricok entrenatuko du hogei jokalariko taldea.
Neska kadeteen taldea. Argazkia: Mutriku FT
Mutrikuko futbol taldearen helburu nagusienetariko bat herriko jendeak kirola egiteko lotura bat izatea dela ere gehitu du Nabernanek. Familia handi baten moduko itxura hartu dute astero Mutrikuko San Migel futbol zelaian batzen diren neska-mutilek zein entrenatzaileek.
Hori da, azken batean, klubean bilatzen dutena, nahi dutena: futbol zelaian batzen diren guztiak pozik eta gustura ibiltzea. Eta herrian daudenak kirolera hurbiltzea beharrezkoa dela dio presidenteak. «Pertsonalki, nire lehen helburua, hemen dabiltzan ume guztiak, neska guztiak eta mutil guztiak gustura ibiltzea da. Hori da, nire ustez, Mutriku Futbol Taldeak kirol talde eta klub modura duen helbururik nagusienetarikoa».
Mutil kadeteen taldea. Argazkia: Mutriku FT
Txikien taldea, mutilak. Argazkia: Mutriku FT
Futbol 8ko nesken taldea. Argazkia: Mutriku FT