Mutrikuko dikera doan bidea eta inguruak konpontzen hasiko da Jaurlaritza astelehenean
Konponketa lanak Construcciones Campezo enpresari esleitu dizkio Jaurlaritzak; 200.000 euroko aurrekontua dauka obrak. Aurreikuspenen arabera bost astetan amaituko dituzte lanak, “eguraldiak laguntzen badu”. “Joan den neguko denboraleen ondorioz, hondartzaren eta Burumendiko igerilekuen ondoko urbanizazioak eta Mutrikuko portuko kanpoko dikerako bideak kalte estetikoak izan zituzten, eta lanak bainu denboraldia amaitu arte atzeratu ziren”, esan du Ruiz de Angulok.
Printzipioz, astelehenean kanpoko dikerako sarbidea konpontzen hasiko dira; igerilekuen ondoko zatian, dikearen erdiko aldean eta kanpoko dikeko behegaina altxatuta dago. Horrez gain, dikearen alboetan itxitura moduan jarritako hormigoizko hesiak lekuz mugituta daude.
Igerilekuen inguruak, urbanizazioan eta oro har, dikera joateko bidean, behegainak kalte handiak ditu; argiteriaren kanalizazioko hodia ere bistan dago zenbait puntutan
Baina hor ez da amaitzen itsas denboraleak eragindako kalteen zerrenda. Izan ere, Burumendiko hondartza eta igerileku inguruko zerbitzu sareak ere hainbat kalte izan ditu. “Burumendi eta kanpoko dikea bereizten dituen hormaren arkugaineran jarritako zerbitzuen hornidura sarea kaltetu da. Hain zuzen ere, 80 mm-ko diametroko burdinurtuko hodi bat bistan geratu da, eta ur harguneak eta kutxatilak hondatu egin dira”, zehaztu du zuzendariak.
Argiteria kableen kanalizazioaren zati bat ere bistan dago, eta kutxatilak ezin dira erabili; “hormetako hartuneak apututa edo urez beteta daude”.
Urbanizazioa eta dikea bereizteko hormako impostetan, eskaileretan eta barandetan ere kalteak daude: “batzuk denboraleei eutsi diete, baina beste batzuk lekuz mugitu edo hondatu egin dira”.
Lanak bost aste barru amaituko dituztela ziurtatu du Almudena Ruiz de Angulo Jaurlaritzako Garriao Azpiegituren zuzendariak
Urbanizazio inguruan, iparraldeko sektorean, inprimatutako hormigoizko behegainean pitzadurak agertu ziren, goiko pasabideko lauza ere altxatu egin zen eta igerilekuko habea apurtuta dago”.
Lan zehatzak. Horiek guztiak konpontzeko, astelehenetik aurrera ondoko lan zehatzak egingo dituzte: kanpoko dikera sartu, material soberakina bidetik knedu eta material pikortua jarriko dute, obraren mailara iritsi arte. Era berean, obra sarrera bat eraikiko dute. Horretarako, zahor artifizialezko 15 zentimetroko geruza jarriko dute sare geotestil baten eta 12 zentimetroko HM-20 hormigoizko lauza baten gainean, eta aurrez fabrikatutako hormigoizko hesiak muga fisikorik gabeko urbanizazioaren inguruan.