Aurtengo partehartzeak harritu egin ditu antolatzaileak.
59 film aurkeztu dira 37. Euskal Zine Bilerara. Horietatik 48 aukeratu ditu hautespen batzordeak: 30 lan amateur eta hamazortzi lan profesional.
Filmak Euskal Herriko lurralde osotik heldu dira. Profesionalen sailean hamazortzi film aurkeztu dira. Gipuzkoatik bederatzi lan, Bizkaitik sei, Lapurditik bi eta Nafarroa Beheratik bat. Amateur sailean, aldiz, 30 lan aukeratu dituzte. Bizkaitik hamazortzi, Gipuzkoatik zortzi, Arabatik hiru eta Nafarroatik bat.
Euskara hutsez egiten den Euskal Zine Bilera bakarraren 37. edizioa da aurtengoa, eta lehiaketaz gain, bileraren alderdia indartu nahi dute antolatzaileek. Horretarako, azaroaren 29an euskal zinemagintzaren inguruko jardunaldiak eskainiko dituzte.
Lehiaketa
Euskal Zine Bilerak betiko bi helburuei eutsiko die. Batetik, euskarazko lan amateurrak sarituko dituzte, eta bidea egiten lagundu. Bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune nahi dute izan. Hori horrela, lehiaketak bi kategoriak mantenduko ditu, profesionalena eta amateurrena; parte hartzaile bakoitzak sailkatuko du bere lana batean edo bestean.
http://vimeo.com/110360375
Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dituzte. Profesionalen sailean, arlo bakoitzako 1.600 euro eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean, berriz, 1.000 euro eta zilarrezko antzarra. Horretaz gainera, jaialdiko saririk preziatuena,
Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango dute: lan profesionalak 1.900 euro eta urrezko antzarra jasoko ditu eta lan amateurrak 1.300 euro eta urrezko antzarra.
Iaz, Peio Gutierrezen
Abuztua filmak irabazi zuen profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean berriz, Ohian Vitoriaren
Etxehuts filmarentzat izan zen saria.
Euskal Zine Bilerak, euskal zinegile gazteak ere bultzatu nahi ditu, eta iaz egin bezala
Gazte 22 saria emango dute aurten ere. Oraingoan, hamar film aurkeztu dira sari horretan leihatzera. 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileen artean 600 euroko sari berezia emango da. Iaz, Josu Ximun Billabeitiaren
Euria lanak jaso zuen Gazte 22 saria.
Aurten gainera,
Antzar Morea eta 500euroko saria banatuko dituzte estreinako. Udaleko Berdintasun batzordeak, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du eta, halaber, kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan.
Epaimahaia
37. Euskal Zine Bilerara aurkeztu diren 48 film laburrak epaitu eta sariak banatzeko punta puntako epaimahaia izendatu dutela jakitera eman dute EZBren antolatzaileek. «Epaimahaiak euskal zinemagintzarekin harremandutako profesional ezberdinak biltzen ditu: zuzendaritza, antzezleak, ikerlariak eta ekoizleak», azaldu dute.
Bost adituk osotzen dute aurtengo epaimahaia: Juan Bautista Berasategi marrazkilari, ekoizle eta zuzendariak, eta Lotura Films ekoiztetxearen sortzaile eta arduradunak; Edurne Gonzalez artista bisual, ikertzaile eta arte ederretako unibertsitateko irakasleak; Ramon Agirre antzezle, umoregile, euskal idazle eta margolariak; Mikel Losada antzezle ezagunak; eta Kontxa Elorza EHUko irakasle eta Arte Ederretan doktoreak.
Euskal zinearen hitzordua azaroaren 23tik 29ra izango da. Atzo kaleratu zuten bileraren
iragarkia; joan den urtean Benito Ansola beka jaso zuen Aitor Gametxo zinegileak egina.