Bulego berriaren helburuak bi dira: Lea-Artibaiko turismo informazioa eskaintzea eta eskualdeko ekoizleen produktuen salmenta sustatzea. Horretarako, bulegoa astelehenetik zapatura egongo da zabalik; astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era, zapatuetan 10:00etatik 13:00etara.
Imanol Mugartegi Berriatuko alkateak eta Elena Gutierrez Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko zuzendariak inauguratu dute bulegoa. Eta inaugurazioa egin bezain pronto, Mugartegik proiektuaren sorrera zelakoa izan zen azaldu du. “Hasiera baten, osasun etxea handiagoa izan behar zela esan ziguten, eta ondorioz eraikinari zati bat gehitu genion. Gerora, osasun etxeak, printzipioz, zati horren beharrik ez zeukala esan ziguten. Eta orduan buruari bueltak ematen hasi ginen”. Pentsatzen jarrita, eskualdeko ekoizleen produktuak saltzeko eta eskualdeari buruzko informazio turistikoa eskaintzeko bulego bat sortzea ondo legokela pentsatu zuten. Izan ere, alde horretatik hutsunea zegoela ikusten zuten. “Berriatua pasanteko bidea da, baina beno, ea bisitariak berton geldialditxoa egitea lortzen dugun eta horrela eskualdea hobeto ezagutzen duten”.
Eskualdeko alkate, udal ordezkari eta ekoizleak, Produkton bulegoaren inaugurazio ekitaldian.
Berriatuko Udalaren eta Jaurlaritzaren babesa ez eze, Lea-Artibaiko gainerako udaletako ordezkarien babesa ere jaso du egitasmoak. Horrela ba, Ondarroa, Markina-Xemein, Ispaster, Lekeitio, Gizaburuaga eta Aulestiko alkateak egon dira ekitaldian.
Produktuen kalitatea azpimarratu du Mugartegik. “Bertokoak dira, bertokoek egina”. Lea-Artibaiko ekoizleez gain, Durangaldeko ekoizleen produktuak ere badaude Produktonen. “Eskualdean ekoizten ez diren produktuak bilatzeko Durangaldera jo dugu”. Horretarako, Lea-Artibai eta Urkiola Landa Garapen Elkartearen laguntza eduki dute. “Oizeginek ere online saltzen ditu produktuak, baina momentuz, herritarrei gehiago kostatzen zaie janaria online erostea. Egoera horren aurrean, gune fisiko bat edukitzea ondo legokeela pentsatu genuen”.
Gutierrezek landa eremuetan bizi diren herritarren bizi kalitatea eta beharrizanak azpimarratu zituen. “Landa eremuetan bizi diren herritarrek hiriguneetan bizi direnek duten besteko eskubideak dituzte; bulego honek, hein baten, hori bermatzen du”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.