
San Agustin kalean irisgarritasunari lotutako lanak egiten aritu dira azken egunotan. Argazkia: Mutrikuko Udala
Bihar [azaroak 4] San Agustin kalean galipota bota behar dute, eta lan hori amaitu arte ibilgailuak kalean ezingo direla sartu aurreratu du Mutrikuko Udalak. Galipota Eroskiko bidegurutzetik komentura jaisteko eskilaretaraino botako dute, baita Correos pareko zati eder baten ere. “Kalean galipota botatzera datozela abisatu berri digute, eta hori jakin bezain azkar herritarrei jakinarazi nahi izan diegu”, adierazi du Joxean Agirregomezkorta udal gobernazioburuak.
Kaleko hainbat zatitan lanean ariko dira bihar goizean. Kale horretan dauden ibilgailuak 07:00etarako mugitu beharko dira. Udal teknikarien iritziz: “lana bukatu bezain laster zabalduko da bidea, baina bien bitartean ezingo dira ibilgailuak mugitu. Presarik ez duenak lasai utzi dezake ibilgailua komentuko aparkalekuan, zein Montalivetekoen edota Kutxako parean. Izan ere, konponketa lanek ez die gune horiei eragingo”.
Beheko plaza eta inguruetatik irteteko (Barren kale eta inguruetakoak, esaterako), edota Beheko plaza inguruetara sartzeko (banatzaileek, bertaratzeko beharra duten herritarrek…) Erdiko kaletik bideratuko da trafikoa. Lan hori udaltzainek zuzendu eta zainduko dute.
Bestalde, azken egunetan San Agustin kalean bertan udal brigada i
risgarritasunari lotutako lanak egiten aritu da. Zehatz esateko, komentura jaisteko eskilaren parean zebra-bidea jartzeko lanean aritu dira, bidearen bi aldeak lotzeko.