Gorka Ostolaza Ikaranek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako laugarren kanporaketa

Ariketa guztiak egin ostean, Gorka Ostolaza Ikaranek lortu zuen puntu gehien batzea, 379,5 puntu. Horrela, finalaurrekoetarako txartela lortu zuen markina-xemeindarrak, eta azaroaren 30ean Urdulizen kantatuko du. Saioko beste bertsolariak puntuazioen zain geratuko dira.
Gai emaile beharretan Begoñe Olabarria Astobiza ibili zen. Epaimahaia, berriz, Ander Txakartegi Basterretxeak, Andoni Larrea Garaik, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Jurgi Fuentes Goikoetxeak, Leire Etxebarria Gazteluk eta Mirari Azula Aurrekoetxeak osatu zuten; idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.
Puntuazioak:
- Gorka Ostolaza Ikaran 379,5
- Nerea Ibarzabal Salegi 353
- Peru Vidal Gurrutxaga 344
- Arrate Illaro Etxebarria 343
- Eneko Arrate Sololuze 333,5
- Malen Amenabar Larrañaga 332,5
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Asier Ibaibarriaga Apoita, eta Mallabiako alkateak, Mila Mondragon Sagastagoiak banatu zituzten sariak.