Ana Urkizak helduentzako ‘Mamuak’ ipuin bilduma aurkeztu du gaur

Ana Urkizak Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editoreagaz batera aurkeztu du liburua, gaur goizean, Donostian. Argazkia: Elkar
Liburuan errealitaten eta fikzioaren artean nahasketa bat egiten da. Autoreak apropos erabili ditu ipuin luze zein laburrak irakurlean efektu bat zein bestea lortzeko. Azken finean, bi ipuin moten arteko oreka bat mantendu du Urkizak.
Errealitate eta fikzioaren arteko harreman estua ipuin bilduman konstantea dela nabarmendu du Urkizak. “Liburuaren azken aurreko Idatzia dagoena ipuinak, nire ustez, liburu osoa ondo laburbiltzen duela esango nuke. Hiru narratzaile agertzen dira. Bata, lehenengo pertsonan, bestea, bigarren pertsonan eta, hirugarrena, hirugarren pertsona. Narratzailea protagonista bihurtzen da eta alderantzizkoa gertatzen da protagonistarekin. Horregaz zera erakutsi nahi izan dut, zelan errealitatea ere fikzioa bihurtzen dela, eta alderantziz”. Metaliteratura antzerako bat sortzen du Urkizak estilo guzti horiek liburuan erabiliz.