Gabirel Ezkurdia (analisia): "Ura irakiten badago, berdin dio sua amatatzeari"
Azaroaren 9an, datorren domekan, milaka euskaldun Katalunian zer gertatuko ote denaren zain izango gara. Ez da makala han gertatuko dana. Frankok Espainiako Erresuma «lotuta eta ondo lotuta» utzi zuenetik, erregimenaren krisiarekin batera (ustelkeria, zilegitasun eza…), lehen aldiz lurralde batasunaren zatiketa, estatuko hiritar, katalandarrak alegia, batzuen asmo izatetik gehiengo baten proiektu egingarri bat izatera pasatu da.
Euskaldun gehienok begiratu dugu Kataluniara inbidiarekin. Gatza zen duela gutxi urte egun bizi den eszenatokia imaginatzea ere. Katalunian Estatu Espainolaren nazionalismo ukatzailearen miopia eta harrokeriari esker, hasierako estatutuaren aldeko erreforma autonomiko xume eta leiala nolabaiteko tsunami askatzaile bihurtu da. Katalandar nazionalismoaren bindikazio formal eta sinbolikoa gaindituz, gizarte anitz eta zabalak bat egin du independentismoarekin, oinarrizko eta ezinbesteko printzipio demokratikoen defentsan.
Hala da. Kataluniaren ukazio nazionala ezta bakarrik sustrai nazionalista batekiko eraso ideologikoa, ukazioa nazionalarekin batera doan ukapen sozial eta demokratikoa da benetan gizartea piztu duena. Kataluinako gizartea zeharka erasotu duen erabaki erasotzailea.
Eta gizarte katalana zeharka erasotu duen erabaki eta sententzia nazionalista espainola askapen prozesu guztien ama bilakatu da, benetako desafioa: askatasunari eutsi edo ukazioaren morroi izaten jarraitzeko aukera ikaragarria. Zeharkako izakera honi esker, Kataluniako gizartearen eraketa prozesuak alderdi politiko, erakunde sindikal eta sozialak, baina, batez ere, instituzio autonomikoak kolokan jarri eta gehiengo soziologikoaren menpe bilakatu ditu. Hara hor, beraz, Mas bera edota CIUren «bahiketa» kolektiboa. Politikari katalandarrak sekula ez ziren abiatuko egun bizi den eszenatoki politikora benetan boterea, Herri Boterea, hegemonikoa izango ez balitz. Hara hor gakoa: Zeharkako mugimendu zabal, anitz eta herritar batek egitura guztien gainetik gaitasuna izan duela inertzia guztiak gaindituz, eta urte gutxitan, Nazio oso bat Aro berri baten atarian demokratikoki jartzeko! Ez da makala ez!
Domekan Cardus kazetariak esaten zuen bezala, lau fasetan planteatu den prozesuaren lehenengo aktoa dugu: eragotzitako erreferenduma zeharkako bide batetik ere egitea! Hurrengoa hauteskunde plebiszitarioak, gero jauzia prestatu eta azkenik independetziaren aldarrikapena: den denak hegemonikoa den Herri Mugimendu boteretsuaren begiradapean, nahiz eta Instituzioak, alderdiak edota beste eragileek zeregin zuzena izan.
Baina, domekan zer? Bi aukera daude: Unionismo espainolak debekua indarrez inposatzea eta Herri Kontsulta indarrez desegitea, edo Herri Mobilizazioaren aurrean berriz Gobernu espainiarrak ezikustearena egitea.
Lehenengo eszenatokia tamalgarria litzake. Nazioarte osoa begira dagoelarik, nazio oso baten mobilizazio demokratiko bat indarrez zapuztea. Automatikoki aldebakartasunez independentzia aldarrikapena arinduko litzateke, eta Espaniaren porrota bere desegiketa praktikoan gauzatuko litzateke.
Bestalde, espainiar gobernuak ezikustearena egiten badu, automatikoki «kaberna» eta nazionalista espainol guztiek muturreko egoerara eramango lukete jada kolokan dagoen gobernua, erregimenaren gainbehera areagotuz.
Beraz, Espainiak galtzekoa du… ura irekiten dago eta… Badirudi Katalunia badoala, baina benetan katalandarrak aspaldi dira joanda.