- Kataluniak kontsultara deitu ditu herritarrak domekarako. Oier Plazak (Gernika-Lumo, 1982) gertutik jarraitu du azken asteetako Katalunia; Jaime Otamendirekin batera, atzo ETB1en eman zuten Kataluniarren jauzia dokumentalaren zuzendaria baita. Lan horretan bidelagun izan ditu Zigor Etxebarria, Dani Asua eta Fermin Aio gernikarrak ere.
Zientzia politikoetan lizentziatua ere bada Plaza, eta Kataluniako prozesua berak zelan ikusten duen ere azaldu dio
Hitzari.
Zer kontatzen du dokumentalak?
Katalunian badagoela prozesu bat orain urte batzuk hasi zena, eta badirudi geldiezina dela. Hori dela eta, era batera edo bestera, Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakiko duela, domekan, edo beste momenturen batean.
Prozesuaren bultzatzaileekin ez ezik, agintari politikoen iritzia ere jaso duzue.
Denen ikuspuntua jasotzen saiatu gara. Dokumentalak iritzi ezberdin asko ematen ditu, bai herritarrena, kaleko jende xumeena; baina baita agintari politikoena eta herri mugimenduko kideena: Assemblea Nacional Catalanako kideena eta Omnium Culturalekoena. Orokorrean jendea kontsultaren alde dago, baina harritu egin nau, esaterako, lehen autonomista zen jendea orain independentziaren alde ikustea. Katalanismoak aldaketa handia eman du, eta aldaketa independentziarantz eman da.
Zure ustez, zerk eragin du aldaketa hori?
Jende askok sinistuta zuen Kataluniatik Espainia aldatu zezaketela, eta, nolabait, Kataluniako nazioak lekua izango zukeela etorkizuneko Espainia batean. Baina ikusi dute ezetz. Alde batetik, prozesu zentralista dago; bestetik, ideologikoki, nazionalismo espainola oso indartsua da, eta horrek Konstituzioa blindatzea dakar. Autonomia Estatutua onartu zuen Kataluniako parlamentuak, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen. Beraz, ohartu dira ezinezkoa dela gauzak aldatzea, eta aukera bakarra dela euren bidea egitea: desobedientziaren bidez, edo alde bakarreko independentzia aldarrikapena eginez…
Han egin duzuen denboran zer ikasi duzu, nola aldatu da zure ikuspuntua?
Hasiera batean uste nuen independentziaren aldeko aukera indartsua zela; eta badela uste dut, baina ez ematen duen beste. Erreferendum bat egingo balute uste dut kataluniarren gehiengo handi bat ez legokeela independentziaren alde. Nire ustea da.
Uste hori arrazoitu dezakezu?
Jendea bestelako irtenbideekin konformatu daitekeelako, eta ez du zertan independentziaren aukera izan. Katalanak, orokorrean, oso nekatuta daude Madrilek eman dien tratuarekin, eta amorrua dute. Horrek bultzatzen die esatera nazio bat direla eta beraiek erabaki behar dutela euren etorkizuna zein izango den. Gero, independentziarena beste kontu bat da, nire iritziz.
Eskoziako independentzia erreferenduma ere gertutik jarraitu zenuen, eta ‘Eskozia, beti garaile’ dokumentala egin zenuten. Alderik al da Kataluniarekin?
Aldea badago, eta alderik handiena, agian, Madril izango da. Hau da, Madrilgo gobernuaren kultura politikoak eta Londreseko gobernuarenak ez dute zerikusirik. Batak adostasun bat izan zuen, eta Kataluniaren kasuan ez dago adostasunik. Beste desberdintasun handi bat da gauzak egiteko modua. Esan daiteke Eskoziakoa goitik beherako prozesua izan dela; alegia, instituzio politikoetan landua eta politikarien artean adostua. Kataluniakoa, aldiz, instituzioak eta haien erabakiak presente egon arren, zelanbait prozesuaren motorra herria bera izan da, eta herritik sortu diren asanblea horiek: Assemblea Nacional Catalana edo Omnium Cultural, kasurako. Bai eurak eta baita egin ditzuten manifestazioek bultzatu dituzte politikoak erabaki batzuk hartzera, eta benetan herriak eskatzen duena egitera. Eta hori nik bertute bat legez ikusten dut; politikariek herriak eskatzen duenari kasu egitearena.
Eskoziaren kasuan, erreferenduma egiteko arrazoiak pragmatikoagoak zirela aipatu zenuen, politika sozialekin eta ekonomiarekin lotutakoak. Kataluniaren kasuan?
Eskozia eta Katalunia diferenteak dira. Eskozian politika publikoek eta ekonomiak zerikusi handia izan zuten, eta Katalunian ere izan badute. Hala ere, identitateak eta Espainiarekiko neke eta konekzio ezak ere pisu handia dute: Espainiarengandik tratu txarra jaso dutelaren ustea dute, eta sentimendu horrek bultzatuta hasi zuten prozesu subiranista.
Tratu txarra arlo ekonomikoan ala identitarioan kokatuko zenuke?
Bietan. Erabakimenari dagokionez, Estatutu berri bat nahi izan du jendeak, beste estatus politiko bat Kataluniarentzat. Bestetik, independentzia fiskalaren nahia ere hor dago. Kataluniarren sentipena da zerga asko ordaintzen dizkiotela Espainiari, eta ezer gutxi datorkiela bueltan. Beraien ustez, horrek eragin zuzena du Kataluniaren ekonomian.
Kataluniako prozesu subiranista Euskal Herriko prozesuarentzat eredu izan daitekeela uste duzu?
Aldea badago, eta hemen oraindik gauza asko ditugu konpontzeko. Gainera, ikusteko dago Euskal Herrian zeintzuk liratekeen aktore garrantzitsuak. Gobernuak proposatzen duenaren arabera, alderdi politikoak izango den, eta eurek adostutako zerbaitekin aurrera egin; edo herria izango den prozesu horretan mugituko dena, eta herriak bultzatuta mugituko diren politikariak. Beraz, uste dut hemen, oraindik, bide asko daudela zabalik.