Kataluniako Gobernuak galdeketa debekatzearen aurka jarritako helegitea ez du aintzat hartu Espainiako Auzitegi Gorenak; hala ere, azaroaren 9ko parte hartze prozesuagaz aurrera egitea erabaki du Generalitateak; hartara, “herrialde eta gizarte proiektu propio bat garatzeko”. Domekan, beraz, 16 urtetik gorako Kataluniako bizilagunek bertako gobernuak ezarritako 700 bat lekutan izango dute botoa emateko aukera, Kataluniaren geroa erabakitzeko.

Generalitatea bera izango da galdeketa antolatzeaz arduratuko dena, eta horretarako, Kataluniako Gobernuaren egoitzak –institutuak, horietako asko– erabiliko ditu bozkaleku. Hautetsontziak eta orritxoak egongo dira aipatu tokietan, eta aurretik adostutako galdera biri erantzun beharko diote parte hartzen dutenek: “Kataluniak estatua izan behar al luke?”; eta, erantzuna baiezkoa bada, bigarren galdera izango dute: “Estatu horrek independentea izan behar al luke?”.
Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu Kataluniako Gobernuak galdeketa debekatzearen aurka jarritako helegitea
Galdeketaren emaitzen berri, beraz, biharamunean emango dutela jakinarazi dute. Eta astelehenetik aurrera, Espainiako presidente Mariano Rajoyri gutun bat helaraziko diola aurreratu du Generalitateko presidente Artur Masek; “gertatutakoaren balantze bat egin, eta, beste behin, akordio bat egitea proposatzeko”.
Oztopoei aurre egiten. A-9aren aldeko indarrak eta Generalitatea Espainiako Gobernuak jarritako oztopoei aurre egiten aritu dira azken hileotan. Espainiako Gobernuak berak eskatu zion Konstituzio Auzitegiari galdeketa debekatzeko, bere arabera, “katalanen eskubideak urratzen dituelako”. Generalitateak, berriz, salaketa jarri zuen Auzitegi Kontsituzionalean, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea bazter zezala eta galdeketa galaraz ez zelala eskatzeko. Auzitegi Konstituzionalak, eta, ondoren, Auzitegi Gorenak, dena den, domekako prozesu parte hartzailea baliogabetzeko erabakia hartu dute.
Generalitateak, baina, azaroaren 9ko parte hartze prozesuagaz aurrera egingo du
Horren aurrean, eta Espainiako Gobernuaren ukazioa salatzeko, Kataluniako ehundik gora diputatuk, alkatek eta zinegotzik agiri bat aurkeztu dute Nazio Batuen Erakundean, Europako Parlamentuan, Europako Batzordean, Europako Kontseiluan eta Europako Lankidetza eta Segurtasunerako Erakundean.
Izan ere, horien arabera, “Espainiako Gobernuaren jarrerak urratu egin du osaera nazioaniztasuna duten estatu demokratikoen eskubide eta praktika”. Halaber, elkarrizketarako eta negoziaziorako gobernuaren “borondate politiko eza” ere kritikatu dute.
Oztopoak oztopo, dena den, batasunez eutsi diote katalanek; hala, alderdi subiranistez, herri mugimenduez, gizarte eragileez, erakunde eta elkarte ezberdinez, norbanakoez, eta beste hainbatez gain, Kataluniako udalek ere independentziari buruzko galdeketa antolatzen jarraitzeko babesa erakutsi diote Generalitateari. Hain zuzen, udalen %96a agertu da erabakitzearen alde; guztira, 900 udal baino gehiago.
ANC Biltzar Nazional Katalana eta Omnium Cultural erakundea izan dira galdeketa egitearen alde agertu diren indar handi bi. Asteon hainbat boluntarioen laguntzagaz, Kataluniako etxeetara dei egin dute, lasaitzeko mezua helaraziz eta domekako bozketa lekuak zehaztuz.
Generalitateak, bere aldetik, adierazi du Kataluniaren gehiengoaren nahiari erantzuten dion prozesua dela abiarazitakoa, eta gaineratu du eskubide natural bat ari dela defendatzen: alegia, “edozein herriren erabakitzeko eskubidea”.
Eta, horregaz batera, Espainiako Gobernuak izan duen jarrera kritikatu du: “Gutxiespena, ezberdintasunarekiko tolerantziarik eza eta une batzuetan azpijokoa jasan dugu”. Horrekin batera, “ezgaitasun politiko izugarria” ere topatu dutela salatu du Generalitateak.
Katalunia defendatuz
Masek domekan “beldur gabe” parte hartzeko deia egin die kataluniarrei; “independentziaren alde edo aurka bozkatzeko ez ezik, mespretxuz jokatzen duen estatu espainiarraren aurrean, Katalunia defendatzeko”.