
Moilaren konponketagaz, orain dela hamar urte ingurutik lekeitiarren eta batez ere arrantzaleen buruhauste handia izan den egoerari erantzun bat emango diote. Lekeitioko portua babesteko XVIII. mendean eraiki zen moila apurtzen joan da urtez urte itsasoaren eraginez, eta horrek hondar pilaketa handiak eragin izan ditu portuan, itsasontzien sartu irtena oztopatu eta arrantzaleen segurtasuna arriskuan jarriz. Berreraikitze lanek lau hilabete iraungo dute.
Espainiako Gobernuko Kostaldeko Zuzendaritzari zegokion berez, konponketa lanak egitea. Baina, horren ardurarik hartzen ez zutela eta, adostasun batera heldu, eta beregain hartu ditu lanak Eusko Jaurlaritzak. Konpetentzi aldaketak denbora asko eraman duela azaldu dute, «eta hortik berreraikitze lanen atzerapena».
Aurtengo otsailean pasatu zen Lazunarri moila Eusko Jaurlaritzaren konpetentzi izatera, eta udako hondartza denboraldia igaro ondoren, proiektua martxan jarri zuten urrian. Alzola enpresak egingo ditu lanak eta ia miloi bat euroko kostua izango dutela jakitera eman dute. Guztira, 375 metro dira konpondu behar dituztenak.
Lanekin hasteko, azken baimenak eskatu behar dituzte, eta ondoren, beharginen etxola Mendieta ontziolaren aurreko lorategian jarri eta kamioiak hondarrera sartzen hasiko dira.
Almudena Ruiz de Angulo del Campo Garraio Azpiegituren Zuzendariak Lekeition egindako aurkezpenean azaldu zuenez, kontrahormak kendu eta 30 zentimetroko altura handiagoa emango diote goiko aldeari. Gainera, dagoen harri-lubetari balasto geruza bat emango diote malekoia babesteko. Irlatik moilara dauden eskailerak ere konponduko dituzte.
Garraio Azpiegituren Zuzendariaren esanetan, lanek, ez dute hondar guztia batetik bestera ez igarotzea lortuko, eta dragatzen jarraitu beharko da. Baina, arrantzaleen segurtasuna bermatzeko nahikoa izango direla uste dute Jaurlaritzako ordezkariek, «behintzat denbora luze batez».
Moilak mantenu erraza izatea eta lasaitasuna ematea duela helburu nabarmendu zuen Almudena Ruiz de Angulo del Campok, ondarea eta paisaia errespetatuz.
Ondarea
Berreraikitze lana bera konplexua ez bada ere, aurrera eramateko hartu beharreko neurriak asko dira. Hondartza, ura eta erabiltzaileak babesteko neurriak hartuko dituzte. Hondarrera sartzeko dauden eskailerak eta barandak kenduko dituzte kamioiak pasatzeko, eta hondartzaren zati bat heziz inguratuko dute erabiltzaileek libre dagoen hondartzaren zatia segurtasunez erabili ahal izateko.

Bestalde, ingurumena eta batez ere ondarea aintzat hartuko dituzte. Esate baterako kamioiak pasatu behar diren hondar zatia kendu, eta harriak eta asfaltoa jarriko dituzte, baina lanak amaitutakoan, hondarra bere hasierako egorara bueltatuko dute.
Ondareari dagokionez, lana sentzuz eta modu egoki batean egin behar dela azpimarratu dute, malekoiak balio historikoa duten zatiak izan dezakeelako. «Dokumentazioen bitartez ez dakigu balore horiek ia benetakoak diren hala ez. Alegia ez dakigu zer den benetan kontserbatu dena. Hori jakiteko ezin dugu liburuetara jo eta azterketa arkeologiko bat egin behar dugu», zehaztu zuen Imanol Agote Alberro Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendariak. Beraz, obra egiten duten bitartean, harrien artean zer den zaharra eta zer ez begiratuko dute. «Zaharra baldin bada horrek esan nahi du iraun egin duela eta kultur ikuspegitik balioa duela, gainera ikuspegi arkitektoniko batetik ere funtzionatu egin du» esan zuen Imanol Agotek. Beraz, Jaurlaritzaren proposamena hori babestu eta gordetzea da. Bestela, kultur baliorik ez baldin badu, obra berri bat egin beharko litzatekela uste dute: «Benetan duen funtzio horreri erantzun egoki bat emateko».
Ondarea bermatzeko lan horiek guztiak egiteko, arkeologo bat egongo da uneoro Lazunarriko obran. «Mantendu dena kontserbatu egingo da, eta horretarako neurriak hartuko dira proiektua behar bezala egokituz. Bestalde, paisaiako elementu garrantzitsu bat ere bada, eta beraz, tentuz eta posible den interbentzio gutxien eginez konpondu behar da» azaldu zuen Kultura Ondarearen Zuzendariak.
Batzordea
Hori guztia behar bezala aurrera ateratzeko, «adostsunez eta era eraginkor batean», batzorde bat osatu nahi dute. Batzorde horretan, Jaurlaritzako ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundikoak eta Lekeitioko udal ordezkariak egongo dira. «Denon artean ikusi eta baloratuko dugu ze balio kultural dauden, eta zein den mantendu behar diren elementu horiei eman ahal dizkiegun tratamendu egokiena».
Leako ondare industrial multzo handi bat kontserbatzeko Eusko Jaurlaritzak txosten bat zabalik duela ere jakitera eman zuen Kultura Ondarearen Zuzendariak. Eta beraz, balorazio kultural eta historiko hori egin ondoren, eta bertan balore historikoak daudela ikusten dutenean, Lazunarri ere babezpen orokor horretan sartzea proposatuko dute. «Multzo horretan daude Pedro Bernardo Villareal de Berrizek egindako beste lan batzuk ere. Malekoiak beraz, balio gehiagarri bat dauka Villareal de Berrizek egindako beste lan, azpiegitura eta obra hidrauliko batzuekin lotura duelako».
Lazunarrin egiten diren lan arkeologiko guztiak ikusteko aukera izango dute herritarrek. Programa txiki bat aurrera eramateko asmoa dutela aurreratu zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, eta bere bitartez, jendeari indusketa bat zer den ikusteko aukera emango zaio.