
Koldo Zuazo EHUko irakaslea
Hitanoa berreskuratzeko asmoz antolatu du berbaldia Ziortza-Bolibarko Udaleko Euskara Batzordeak . Izan ere, bere arabera, herrian urte askoan bizirik egon den berba egiteko era hori galtzen hasia da, eta, hori Ziortza-Bolibarko bizilagunen artean, ardura bilakatu dela ziurtatu du.
Herritarren kezka horri erantzuna ematekotan, hortaz, pausoak ematen hasi da Ziortza-Bolibarko Udala. Gaur egun, hitanoa bezala ezagutzen den “Eztok eta baidok” erabilerak, transmisioan eten bat izan duela argi du udalak, eta garai batetik aurrera, “geroz eta gutxiago erabiltzen” dela ere gaineratu du; “ez erabiltzera ailegatzeraino”. Halaber, orokorrean galtzen dagoen ohitura bat dela iritzi arren, oro har, emakumezkoen hizkera ari dela desagertzen uste du udaleko Euskara Batzordeak.
Gauzak horrela, herriko “ohitura eta nortasunaren ikur den
Eztok eta Baidok” hizkeraren alde egiteko batu da herriko talde bat. Horren barri jendeak izan dezan, datozen hileotan hainbat ekimen egingo dituztela jakinarazi dute; hartara, herritarren parte hartzea eta erabilera areagotzea lortu ahal izango dute.
Egoeraren berri emango du Zuazok
Asteburu honetan egingo dute ekimen horietan lehena: zapatuan, Ziortza-Bolibarko udaletxeko areto nagusian. Bertan batuko dira, gai horretan aditua den Koldo Zuazoren berbaldiaz gozatzeko. Zuazok egoeraren berri emango die bertaratutakoei, eta, bide batez, zenbait aholku ere emango dizkietela aurreratu dute. Hain justu, euskarak azkeneko urteetan izan duen bilakaera izango du hizpide, eta, bide horretan izandako alde on eta txarrak aipatuko ditu. Horregaz batera, Ziortza-Bolibarko eta Lea-Artibaiko ezaugarriei buruz ere ariko da zapatuko hitzorduan.
Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Eibarko Koldo Zuazo. Aurton,
Euskalkiak izeneko liburua kaleratu du, non egungo euskalkiak aztertu eta mapa batean bildu dituen.
18:00etan hasiko dute berbaldia, eta, ondoren, “giro ederrean jan-edana” egongo da.