
Gabonetara begira Jolas, jostailu eta ipuin ez sexistak! tailerra antolatu du Lekeitioko Udalak Bizkaiko Urtxintxa eskolaren laguntzagaz. Jolas, jostailu eta ipuinen bitartez berdintasunean oinarrituriko baloreak transmititu daitezkeela uste du udalak eta hori lortze aldera proposatu dute tailerra. «Guraso, hezitzaile, irakasle eta gaiaren inguruan interesa duten guztiei begira eginiko ikastaroa da», zehaztu dute.
Tailerra azaroaren 19an egingo da 17.30etatik 19.30etara Lekeitioko Gaztegunean. Ikastaroan hainbat jolas, jostailu eta ipuin landuko dira. Jolastuz eta abestuz, haurrek zenbait gaitasun eta trebezia garatzen dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta gurasoen edo familiako kideen parte hartzea eta inplikazioa oso garrantzitsua dela azpimarratu dute: «Horregatik gonbidatu nahi dira bereziki guraso eta hezitzaileak».
Funtzio hezitzailea
Jolas, jostailu eta ipuinek funtzio hezitzailea dutela azaldu dute antolatzaileek, eta arrazoi horregatik ezin daitezkeela elementu neutraltzat hartu: «Umeek jolasen bitartez ezagutu eta besteekin erlazionatzen ikasten dute. Horregatik, oso garrantzitsua da erabiliko dituzten jolas eta jostailuen aukeraketa, hauen bitartez, inguruarekin interakzioa izatea lortzen dutelako». Bestalde, balore egokiak lantzen dituzten ipuin asko daude euskaraz argitaratuta. «Beraz, txikitatik hezi ditzakegu gure haurrak parekidetasunean eta euskaraz», diote.
Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da, euro baten truke, udaletxean, 94-603 41 00 telefono zenbakira deituta edo
berdintasuna@lekeitio.com helbide elektronikora idatzita. Haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute aldez aurretik eskatuta. Bihar izango da izena emateko azaken eguna.