
Amets Txurruka Frantziako Gevaudan itzulia irabazi ondoren. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Amets Txurruka Lagunartiek ekitaldi handia antolatu du zapaturako. Amets Txurrukari X. Merezimendu Saria emateaz batera, ume eta gazteentzako mendi-bizikleta zirkuitua (maila ezberdinak) eta Txurrukaren eta Txomin Arana motor gidariaren arteko duelua antolatu dute. Ekitaldia “handia” dela esan dute Amets Txurruka Lagunartieko kideek.
15:00etan hasiko da ekintza, Etxebarrian. Ordu horretan ume eta gazteentzako mendi bizikleta zirkuitua hasiko da. “Oraindik ez dakigu ondo-ondo zein izango den ibilbidea, momentuan bertan zehaztuko dugu ondo. Dena dela, haurtzaindegiaren paretik Irubidera arteko tartea egin beharko dute, gutxi gora-behera”, azaldu dute antolatzaileek.
Zirkuitu hori ziklo kros erara egingo dela aurreratu dute. “Estreinako iaz egin genuen, sanandresetan. Eta aurten ere sanandresetan egin nahi genuen, baina Txurrukak ezin zuen etorri, beste eginkizu batzuk zituelako. Eta bateko eta besteko, merezimendu sariaren egun berean egitea adostu genuen”.
Behin ume eta gaztetxeoek zirkuitua eginda, Amets Txurrukaren eta Txomin Aranaren arteko dueloa egingo da. “Urtero ibiltzen gara duelo baten bila eta aurten ideia ezberdinak genituen. Baina azkenean, Urriko Azoka Nagusian bururatu zitzaigun Aranaren eta Txurrukaren arteko dueloa egiteko aukera”. Aranaren lan taldearekin harremanetan jarri ostean, haiek ere prest agertu zirela azaldu dute. “Haiek ere esan ziguten Arana orain diru bilketa egiten dagoenez, ondo etorriko zitzaiela Etxebarrian ere egotea”.
Horrela ba, baldintzak adostuta, bi kirolari handien arteko duelua baieztatuta geratu zen. “Amets Txurrukak ume eta gazteek egiten duten zirkuitua egingo du, seguruenik. Aranak, ostera, beste bide batzuk ere egingo ditu, motorragaz egiten dituen jauziak egin ahal izateko”.
Aurten, baina, duelo bat eduki ordez bi ere egin ahal direla aurreratu dute. “Oraindik ez dago ezer ziurtatuta; sorpresaren bat egon daiteke”.
Behin dueloa eginda, 18:30ean X. Merezimendu Sariaren ekitaldia hasiko da, Markina-Xemeingo Uhagonen. “Txurrukak eta Aranak hitzaldiak eskainiko dituzte eta ostean urtero egiten dugun sari banaketa egingo da”. Ekitaldia Chandal Records-ek girotuko du.
Ekitaldi horretan eta arratsalde hasierako ekintzetan kirol munduko beste aurpegi ezagun asko eta asko ere egongo direla aurreratu dute. “Ametsen lagunak diren eta beti etorri izan diren kirolariak etorriko dira aurten ere”.
Horrekin guztiarekin, Amets Txurruka Lagunartiek goi-goitik ospatuko du zapatua. Eta ekintzak Etxebarrian eta Markina-Xemeinen egingo badira ere, inguruko herrietako bizilagunei ere gerturatzeko deia egin nahi izan diete. “Ekintzak zabalak dira eta guztiak daude gonbidatuta”.