Martin Alberdi hil da, musika bizimodu eta pasio izan zuen artista
Xemeingo organoak doinu bereziak jo zituen atzo arratsaldean Martin Alberdi musikari, pianojole eta musika irakasleaeren omenez. Santa Zezilia egunaren bezperetan joan da Martin Alberdi, musikarien egun berezienaren atarian. Astelehenean gelditu ziren hainbat urtez musikaren zerbitzura erabili zituen esku trebeak, eta doinu barik geratu haren arima. Musika izan zuen bizitza, bizimodua eta pasioa, eta grina hori besteenganatzen jakin zuen. Akordeoia, pianoa eta azken urteetan organoa izan ditu bidelagun Alberdik, eta azken egunera arte joan da parrokiara, berak Hitzari esan zion modura, «instrumentu erregea» jotzera. Era egokian erabilita, organoak bizia hartzen zuela zioen, eta elizako arima bihurtzen dela.
Orain dela ia hamar urte, borondatez, musikan zeukan esperientzia herriaren zerbitzura jartzea erabaki zuen, eta Julian Ansola hil zenetik ixilik zegoen Xemeingo parrokiako organoari ahotsa jarri zion. Liturgia ospakizunetan jotzen zuen eta ia egunero-egunero joaten zen entsegatzera. Azken urteetan organoagaz gozarazi baditu musika zaleak, aurretik akordeoi eta pianoagaz egin zuen. Hainbat eta hainbat dira, gainera, berari esker, Ondarroan eta baita Markina-Xemeinen besteak beste musikaren ibilbidean lehen pausuak eman zituztenak. Xemeingo Gauan egon zen bere talentuagaz gozatzeko azken aukera, parrokiatik kanpo egin zuen azken agerraldi handia. Amaieran omenaldi txiki bat egin nahi izan zioten hainbat urtez, isilean, lan ugari egin zuen musikariari, eta azken lora txorta beretzat izan zen. Markina-Xemeingo musikari handiak pozik hartu zituen bai oparia zein bere egindako publikoaren txalo zaparrada. Xemein Abesbatzako zuzendari izan zen Alberdi bost urtez eta harreman horrek azkenera arte iraun du azken urteetan are indartsuago bihurtuz.
Musikariari zioten estimu handia erakutsiz, emozioz betetako omenaldi abestua eskaini du Xemein Abesbatzak, gaur, musikari handiaren azken agurrean, eta Santa Zezilia eguneko kontzertua ere bere omenez egingo dute. Aita Gurea aukeratu dute azken abesti modura Martin Alberdi hainbat bidar emozioz bete zuen kantua. Markina-Xemeingo Banda ere beragaz gogoratuko da. Musikagaz agurtuko dute, beraz, musika hainbeste maite zuena.