Lekeitioko Eskolak antolatuta,
Maite Garaigordobil psikologian adituaren hitzaldia egongo da bihar 18:00etatik 20:00etara Ikusgarri aretoan. Umeen arteko gatazkak zelan bideratu azalduko du psikologoak Berdinen arteko indarkeria: analisia, prebentzioa eta esku hartzea eskolan eta familian izeneko hitzaldiaren baitan.
Hitzaldia gaian interesa duten guztiei zabalik dagoela jakitera eman dute antolatzaileek. «Maite Garaigordobil bezalako aditu baten gomendioak askori interasatu ahal zaizkio» azaldu dute.
Izen handiko psikologoa. EHUko Psikologia Fakultatean 20 urte daramatza irakasle lanetan Maite Garaigordobilek eta beste hainbeste jolas kooperatiboen munduan murgildurik. 1992. urtean aurkeztu zuen gai horren inguruko doktorego tesia eta bi urte beranduago EHUk doktorego tesiei ematen dien sari berezia jaso zuen bere lanak izan zuen eragin sozialagatik eta zabalpenagatik.
Geroztik sormenezko jolas kooperatiboak garatzeko hainbat programa landu ditu Garaigordobilek, eta horiek ere sariak eta aipamenak jaso dituzte: 8-10 urteko haurrentzako programak Hezkuntza eta Kultura Ministeritzak ematen duen Ikerketa eta Berrikuntza Pedagogikoko Sari Nazionaleko 1. saria jaso zuen eta nerabeen programak, berriz, 3. saria.