
Institutuko ikasleek ikas bidaira joateko dirua batu zuten. Argazkia: Zatozte
Aurreko asteburuan egin zituen lehendabizikoz Zatoztek moda topaketak eta balorazio oso ona egin dute bertoko kideek. Besteak beste, herriko estetika, ileapaindegi, kirol, osagarri, optika, oinetako eta hainbat moda dendek parte hartu zuten topaketetan. “Dugun eskaintza erakusteko aukera izan genuen. Hamar urtean moda desfilerik egin barik geunden, eta gustora geratu gara”, azaldu du Eva Aranbarri Zatozteko kideak. Zatoztek udaberrian edo udazkenean ekimena errepikatutzeko asmoa agertu du.
Guztira, bi saio egin ziren zapatuan. Bata, 17:00etan eta, bestea, 19:00etan. Antolatzaileen esanetan, lehen saioan ez zen aretoa “guztiz bete”, baina, 19:00etako saioa “oso arrakastatsua” izan zen. Zatozteko kideek aipatu dutenez gainera, institutuko ikasleek esperientzia polita eduki zuten. “Oso ondo pasatu zutela uste dugu”. Izan ere, moda desfilean batutako dirua ikasleak ikas bidaira joateko izango da.