Lekeitioko Udala 110 etxetara hurbilduko da ke detektagailuak jartzera

Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea, Myrian Etxeberrieta Ongizate Zinegotzia, Maria Dolores Berra jubilatuen elkartekoa eta Martxelina Aurrekoetxea jubilatuen elkartekoa eta Nagusilan-eko partaidea.
Lekeitioko Udalak pertsona nagusien segurtasuna eta bizi kalitatea hobetze aldera, 86 urtetik gorakoei zuzendutako egitasmoa jarri du martxan. Lekeition bertan, 146 pertsona daude 86 urte izanda bakarrik bizi direnak edo 80 urtetik gorako pertsonekin etxebizitza partekatzen dutenak. Egitasmo honen bidez, 110 etxetara hurbilduko da udala, sute eta gas ihesek sortu ditzaketen arriskuak ekiditeko ekipo teknikoak jartzera eta larrialdietarako ebakuazio plan zehatzak egitera.
Zerbitzua doakoa izango da herritarrentzat, eta udalak hartuko du bere gain kostu osoa, beraz, onuradunek ez dute ezer ordaindu beharrik izango. Zerbitzua ezartzeko ezinbestekoa da aurretik etxebizitzaren azterketa egitea, eta horregaitik datozen egunotan behar bezala identifikatutako teknikaria joango dira etxeetara, beharrezko suen kontrako detektagailua jartzera. Detektagailu horiek jartzeko ez dago obrarik egin beharrik.
Funtzionamendua
Suen kontrako detektagailuak kea hauteman eta alarma bidez funtzionatzen du. Gauez bizten diren suteetarako oso egokia da, lotan gaudela, alarmak iratzartzen duelako, eta etxekoen eta bizilagunen ebakuazio arina egiten laguntzen duelako. Pertsona gorrentzat, alarmak argi gorria pizten du. Alemanian, Frantzian edo ipar aldeko herrialdeetan, etxe guztiak % 100ean daude ke-detektagailuez babestuta.
Bigarren helburua, etxeko ebakuazio planak egitea da. “Nagusiek, mugikortasun-arazoak dituztenez, ebakuazio azkar bat egin ahal izateko, garrantzitsua da erreakzio-denborak murriztea. Kontua da aurrez sarbide-irtenbideak ondo aztertuta egon behar direla, bai eraikinekoak, bai etxebizitzakoak, eta horretarako ondoan dauden eranskinak errebisatu eta etxebizitzaren ezaugarri nabarmenenak ere ezagutu beharko dira”, azaldu du udalak. Irisgarritasuna osoa bada, ebakuazioa ere osoa izango da. “Kanpaina honi esker lortuko den onura pertsona hauen sendikoentzat ere zabal daiteke, familia askok seguruago egingo baitute lo”, esan dute.