Murganeko mairu bizkaitarra
Markinako jatorria dauka Jose Maria Murgak. 'Mairu Bizkaitarra' izenez ezaguna, berbereen artean ibili zen Marokon barrena; bere istorio eta bidaiak liburu batean bildu zituen.Lurralde ezezagunen misterioak erakarrita, asko dira itsaso eta lur arrotzak...
Markinako jatorria dauka Jose Maria Murgak. ‘Mairu Bizkaitarra’ izenez ezaguna, berbereen artean ibili zen Marokon barrena; bere istorio eta bidaiak liburu batean bildu zituen.
Lurralde ezezagunen misterioak erakarrita, asko dira itsaso eta lur arrotzak ezagutzera abiatu diren esploratzaile, abenturazale eta misiolari markina-xemeindarrak. Horren adibide dira, besteak beste, Juan Barroeta eta Martin Oronzua itsas kapitainak edo Frai Francisco Ugarte eta Frai Pablo Mugartegi Filipinas eta Kalifornian izandako misiolariak. Bizkaian ezaguna da baita Markinako jatorria duen Jose Maria Murga Mugartegi, bizkaitar mairua (el moro vizcaino) ezizenagaz ezagutzen den euskal militar, esploratzaile, politiko eta idazlea.Jose Maria Murga eta Mugartegi 1827ko ekainaren 20an jaio zen Bilbon, Xemeingo Bidarte dorretxearen jauntxoen familia batean. Madrilen eta Loiolan egin zituen bere ikasketak, militarren eskolara joan aurretik medikuntza ikasketak egin zituen baita ere. Euskara, gaztelania, frantsesa, latina, greziar klasikoa, ingelesa eta arabiera hitz egiten zituen.
Militarra lanbidez, zalditeriako komandante izatera iritsi zen. Turkia eta Errusiaren arteko Krimeako gerran (1854-1855) aliatuekin (Frantzia, Britainia Handia eta Otomandar Inperioa) egon zen. Bertan errusiarrekin borrokan zebilen soldadu euskaldun bategaz topo egin zuen. 1863an armada utzi eta Marokora joan zen, bere bidaiatzeko grina asetu asmoz.
Hach Mohamed el Bagdadi izena hartu zuen, eta bere arabieraren ahoskera berezia disimulatzearren Bagdad hiritik zetorrela zioen. Arabiarren modura jantzita, hiru urtez, Magrebeko lurraldeak ezagutzeari ekin zion.
Denetarik egin zuen bidaian, merkatari, erromes, ipuin kontalari eta petrikilo ere izan zen. Ofizio desberdin haien bitartez europar bat sekula sartuko ez zen lekuetan egoteko aukera eskaini zion, Fez hiriko meskitan, esaterako, Ipar Afrikako eguneroko bizitza sakonki ezagutuz. Bere amaren heriotzak 1865.ean etxeratzera behartu zuen.
Garai hartan bere esperientziei buruzko liburu bat idatzi zuen, 1868an Bilbon argitaratutako Recuerdos Marroquies del Moro vizcaino. Marokoar historia, etnografia eta soziologiari buruzko datu aberatsez hornitua dago bere lana. Marokoar gizartea errespetu handiz deskribatzen du. Adibidez, gizon europarrek zutik pixa egiten dutela eta emakumeak kukubilko, berbereek, berriz, alderantziz.
1870etik 1872 urte bitartean Bizkaiko Aldun Nagusia izan ostean eta euskaldunen arteko borrokak etsitua, 1873.ean berriro jo zuen Marokora. Ordungo hartan bidaia motzagoa izan zen, urte hartan bertan itzuli bait zen Bilbora. Karlistada gori-gori zegoen, eta Bilboko defentsan bolondres modura ibili zen liberalekin.
Hirugarren aldiz Marokora zihoala, Cadizen hil zen Jose Maria Murga Mairu bizkaitarra. 1876ko abenduaren lehena zen.
Bertakotuta
Ondo baino hobeto egokitu zen Marokora Jose Maria Murga. Horrela, gorabehera politikoek edo halabeharrak deserrian babesleku bat bilatzera bultzatuko balute, haiengan aurkituko zutekeela azpimarratzen zuen. «Ez litzaidake batere kostatuko haien bizimodura egokitzea, ongi ezaguna baitut; zibilizazioak eskura jarritako erosotasun guztiez inguraturik bizitzeko aukera guztiak ditudalarik ere, maiz jotzen nau bihotzean tristurak, eta Berberiako eremu isilak eta aduarreko esteraren abegi ona faltan sumatzen ditut».
Hainbat dira Mairu bizkaitarrak kontatzen zituen istorioak. Euren artean euskaldunak aurkitu zituenekoa. Egun batean, Jose Maria Murgak soldadu batzuk ikusi zituen zenbait presorekin eztabaidan. Haiengana hurbildu zen, zer pasatzen zen jakiteko, eta soldaduek esan zioten preso haiek zelatari errusiarrak zirela. Hizkuntza ulergaitza hitz egiten omen zuten, eta, ziurrenik kaukasiarrak izango zirela esan zioten. Preso haiek fusilatu egin behar zituzten, baina, orduan, Murga presoen parean jarri zen, eta tentuz aztertu zituen guztiak. Haiek mairu arraroari mesfidati begiratzen zioten, zer nahi ote zuen jakin ezinik. Murgak haien itxura, arropak eta keinuak ikusita, «zer moduz?» galdetu zien, eta ia negarrez bere oinetara salto egin zuten presoek «Jaungoiku» esanda. Salbatuta zeuden. Murgak gaizki-ulertua konpondu zuen, eta libre utzi zituzten kostalde hartara ekaitz gaizto batek eramandako Ondarroako arrantzaleak.