‘Mugitzeko prest’ sketch-aren zati bat. Argazkia: Josebe Mendizabal
Goizeko Izarrakoek Antzerkiaz Blai! egitasmoaren baitan domekan eskaini zuten
Titirinahaste 2014 antzerkia. Zabiel Kultur Etxeko ganbara bete-bete egin zuten. “Jende pila bat etorri zen”, adierazi du Arantza Ugarte Goizeko Izarrako kideak.
Publikoak hainbeste barre egin zuen, gustura egon zen. Goizeko Izarrako kideak ere pozik atera ziren emanaldia eta gero. “Jendetza hori etorri eta gero, eta dena beteta ikusi ostean, ikuslegoarekin pozik geratu gara”.
Guztira, bost sketch eskaini zituzten ikuslegoaren gozamenerako. Antzezleek publiko artetik irten zuten, eta horrek zur eta lur utzi zituen antzerkia ikustera gerturatutako asko. Amaierako azken bi antzezlanak ikusleek “oso gustukoak” izan zituztela azpimarratu dute Goizeko Izarrakoek. “Barre asko egin zuten ikusleek”. Azkenik, bertaratu ziren guztiei eskerrak eman nahi izan die Mutrikuko antzerki taldeko kideek.